Iazko dinamikari jarraipena emanez, Elorrioko zortzi kirol elkartetako ordezkariek formakuntza saioa jaso dute LGTBI+fobiari aurre egiteko. "Klubek interesa agertu dute eta kolektibo horiekiko diskriminazio edota eraso egoerak gainditzeko ideiak eta estrategiak proposatu dituzte, etorkizunera begira", nabarmendu dute Beñat Cuadrado eta Alazne Mendizabal zinegotziek.
Saioaren hasieran gaur egungo marko legal eta teorikoaren azalpenak eman zizkieten parte hartzaileei, eta ostean ariketa praktiko bat egin zuten, gaur egungo egoeraz kontzientzia hartzeko. Amaitzeko, klub bakoitzean protokolo bat ezartzeko proposamenak egitekotan geratu ziren parteideak. Zortzi taldetako ordezkariek parte hartu zuten jardunaldian: CD Elorrio, Buzkantza KE, Elorrioko Errugbi Taldea, EKT Elorrio Kirol Taldea, Erdella Mendizale Taldea, Hori Hori pilota kirol kluba, Indar Contact Xsport eta Udalaitz ST taldeek.