Ikuskizun bigaz ekingo diote Zale topaguneari

Aritz Maldonado 2025ko eka. 6a, 11:55

Gaur, barikua, Elorrioko I. Antzerki konpainia ez profesionalen mostra egingo dute Arriolan; 'Alperrak, tunanteak eta maleanteak' eta 'Hurrengo geltokia' lanak aurkeztuko dituzte, eta ondoren mokadua eta solasaldia egingo dituzte. 

Hasieran jaialdia izateko bokazioz sortu bazuten ere, mostra bilakatu dute Zale, Elorrioko I. Antzerki konpainia ez profesionalen topaketa. Elorrioko Arrapalan antzerki taldeak antolatu du Zale, antzerkizaleen artean sarea prestatzeko. "Antzerkian, amateur mailan, gehiena erdaraz da; guk euskaraz dagoena ezagutu gura dugu, beste talde batzuk ezagutu eta zirkuitua zabaltzeko; hainbat hiletako lana egiten dugu obra bakarra lantzen, eta emanaldi bategaz amaitzen dugu ibilbidea", azaldu du Mari Baseta antzerki taldeko kideak. "Arriolakoek ideia garatzen lagundu digute", gehitu du. Hain zuzen ere, bertan izango da mostra. 20:00etatik aurrera, Gilkitxaro konpainiak Alperrak, tunanteak eta maleanteak eta Karrikak Hurrengo geltokia taularatuko dituzte. Ondoren, mokadua eta solasaldia egongo dituzte Ateneoan. "Topagune bat sortzea gura dugu, euskarazko antzerkigintza amateurrak zein bide duen edo zein garapen izan dezakeen aztertzeko", gehitu du Basetak. 20:00etan hasiko da lehenengo emanaldia. Mostraren prestaketaz gainera, Arrapalan antzerki taldeak beste lan batzuekin ere jarraitu du. Iaz Abdukzioa, ke barbaridad!' obra antzeztu zuten, eta herriko beste ekimen batzuetan ere parte hartu dute; adibidez, 24 Ordu Digitalean lehiaketan. "Antzeztea gustatzen zaigu eta horretan jarraituko dugu", nabarmendu dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!