Hezkuntza Sailak Txintxirri Ikastolako ikasle bati bertan jarraitzeko aukera ukatu diola salatu dute

Aritz Maldonado 2025ko eka. 5a, 18:00

Elorrioko Txintxirri Ikastolako komunitateak agerraldia egin du gaur arratsaldean, Hezkuntza Sailak bertako ikasle bat ikastetxez lekualdatzea gura duela salatzeko.  "Ez dugu onartzen Hezkuntza Sailak ume zaurgarri bat beste ikastetxe batera bidali nahi izatea. Erabaki horrek ez du Elorrioko errealitatea aintzat hartzen eta ez du inongo arazorik konpontzen, sortu egiten du", azaldu du Egoitz Lizundia gurasoak. "Hezkuntza Sailari eskatzen diogu, bertan behera utz ditzan Elorrion bideratu nahi dituen lekualdaketak, familia bakoitzak aukeratutako ikastetxean mantendu ditzan bere seme-alabak", gehitu du Andrea Aginagalde gurasoak.   

Hain zuzen ere, arazoaren oinarria Hezkuntza Sailak duela hiru urte ezarritako matrikulazio irizpideak direla azaldu dute agerraldian. "Matrikulak egitearekin batera, zaurgarritasuna neurtzen hasi zenetik, gure Ikastola herriko bataz-bestekoan egon da, lehenengo bi urteetan behintzat. Horrela, zorionez, Ikastola aukeratu zuten familia guztiek, zaurgarri zein ez zaurgarriek, bertan jarraitzeko aukera izan dute. Aurtengoan, baina, gure familien artean zaurgarritasun maila handiagoa omen da eta ondorioz Hezkuntza Sailak erabaki du ume zaurgarri bat herriko beste ikastetxe batera joan beharko dela", nabarmendu du Lizundiak. Ostera, Aginagalderen berbetan, erabakiagaz ez daudela ados azaldu dute. "Zaurgarritasuna neurtzeko modua ez da argia, ez gardena ezta egokia ere". Neurriaren eragina ere salatu dute. "Ez gara zenbaki hutsez ari. Kaltetutakoa ume bat da, familia oso bat. Ume honek ikasturte osoa darama Ikastolan". Horrez gainera, Ikastolak eta familiak alegazioak aurkeztu zituztela, eta Ikastolan geratzeko eskaria Hezkuntza Sailari helarazi diotela gaineratu dute. Azaldu dutenaren arabera, helegitea ere aurkeztu dute Jaurlaritzan. 

Agerraldian dozenaka herritarrek parte hartu dute, eta Elorrioko alkate Julene Lazkano eta Alazne Mendizabal zinegotziak ere bertan egon dira. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!