"Teilagintzaren historia albo batera utzita eduki dugu"

Ekaitz Herrera 2025ko eka. 6a, 11:00

Elorriok ondarearen balioa nabarmentzeko eta turismoa sustatzeko azpiegitura bat gehiago izango du laster: Solatsu. Adar biko proiektua da, San Agustin Etxebarriako elizaren atzean lur hartuko duena. Batetik, teilaren interpretazio zentroa zabalduko dute, garai batean han martxan izandako teila-fabrika berreskuratuta. Bestetik, apartamentuak eskainiko dituzte haren ondoko baserrian. Ane Miren Arriaga Sevillano (Gernika, 1994) proiektuko arduraduna da eta bera izango da interpretazio zentroko gidaria. Interpretazio zentroa uztailaren erdialdean zabalduko dute. 

Proiektu berria da Solatsu, baina aspaldiko lantegi bat oinarri duena. Zelan definituko zenuke proiektua?
Garai bateko teila-fabrika, teileria, berpiztu dugu, eta horregaz batera, denboran ahaztutako historia zati bat berreskuratu. Izan ere, Elorrion hiru teileria famatu egon ziren martxan XVIII. eta XIX. mendeetan. Baina industria iraultzagaz batera, teilen industria hori bat-batean hil zen; hau da, teilak fabrikatzeko era mekanikoak teileria artisaua ordezkatu zuen. Eta San Agustin Etxebarriako teileriari ere horixe gertatu zitzaion: zarratu egin zen, eta denboragaz hondatzen hasi. Zorionez, baina, ondo kontserbatu da. Eta, halantxik, Unai Ugarriza arkitekto tekniko elorriarrak teileria zaharra berreskuratzeko proiektu hau hasi zuen. 

Ipini dezagun teileria zaharra kronograman. Noiz altxatu zuten?
Euskal Herrian, historikoki, harria eta egurra erabili izan ditugu eraikuntzetan. Teilak ezagutzen genituen, erromatarrek zein arabiarrek penintsula osoan zabaldu zituzten eta, baina gure burugogorkeriagaitik edo, euskaldunoi kostatu egin zitzaigun horiek erabiltzen hastea. Azkenean, herrietako suteen ondorioz, eraikinak teilaz fabrikatzeko agintzen hasi ziren instituzioak. Izan ere, teilak ez du surik hartzen, iragazgaitza da eta merkea da. Lehenengo teilagileak Kantabria aldetik etorri ziren Euskal Herrira, Bizkaiko mugatik, eta badira Durangoko eta Zornotzako teilagileen dokumentuak. San Agustin Etxebarriako teileria hau XVII. mende ingurukoa da.  

Zelako lana zen teilagintza?
Garai hartan, lotsagarritzat eta mespretxugarritzat jotzen zen teilagintza. Oso lan gogorra zen, 17 orduko lanaldia eskatzen zuena. Gainera, aldi baterako lana izaten zen, euriak saihestu guran maiatzetik irailera bitartean egiten zena. Hala ere, teilak behar zirenez gero, nobleak kanpoko langileak kontratatzen hasi ziren. Eta halantxik, hona etorritako lehenengo teilagileak lapurtarrak izan ziren, Kanbokoak. Gerora, baina, aldaketaren bat egon zen, eta hona etortzeari utzi zioten. Orduan, langileak Asturiastik etortzen hasi ziren, Llanes herritik, batez ere. Gizon talde bat etortzen zen, ume bategaz. Azken horrentzat oraindino gogorragoak ziren baldintzak, "gizon bihurtzeko" bidea izaten zen-eta berea. Fenomeno horrek guzti horrek eragina izan zuen; asturiar horiek euren jargoi edo jerga propioa asmatu zuten, xíriga, eta han-hemenka mespretxatuak eta baztertuak izan ziren. Euren komunitatea batzeko eta babesteko hizkuntza aldaera zen, eta berben % 20 euskaratik hartu zituzten. Adibidez, gilfa (giltza), xagardúa (sagardoa) edo esñía (esnea). Asturiasen, kaleko berbaroan, oraindino igartzen dira xirigaren arrastoak. Bizirik dagoen historia da. Euskal Herrian historia handia dago errotei edo burdinolei buruz, baina teilagintzaren industria albo batera utzita izan dugu, lan lotsagarritzat edo zikintzat jotzen zelako, beharbada.

Beraz, San Agustin Etxebarriako teileria XVII. mendean kokatu behar dugu.
Bai, baina hor ere badugu misterio bat. Izan ere, teileria bat labe bat da, izatez. Eta San Agustin Etxebarriako teileriaren lehenengo dokumentazioa XVIII. mende hasierakoa da. Baina zer gertatzen da? Ba, teileria zaharberritzen hasi ginenean, bigarren labe bat agertu zela, berezko teileria baino lehenagokoa. Horrenbestez, posible da teileriaren jatorria lehenagokoa izatea. Gipuzkoako teilerietan, adibidez, askoz ere dokumentazio gehiago dago. Bestalde, aipatzekoa da Elorrioko teileria honek ezaugarri propio bi dituela: batetik, elizaren jabetzako teileria bakarra izan zen Euskal Herri osoan. Pentsatzekoa da, beraz, teileria hau San Agustin Etxebarriako teilak berrizteko helburuz sortu zela. Kokapen ezin egokiagoa du horretarako. Izan ere, teileriak buztin-lurra, errekastoa eta laba isiotu ahal izateko arbolak zituen eskura. Bestetik, bigarren berezitasun bat dago. Elizak teileria errentagarria zela ikusi zuenez, lantegia zelanbait alokagai ipini zuen behar zuenarentzat. Halantxik, Elorrioko 52 familia noblek erabili zuten teileria, euren eraikinetarako. Horrenbestez, herriko teileria izatera igaro zen gerora.  

Horrek esan gura du Elorrioko eraikin askotan hemen egindako teilak egon daitezkeela.
Jakina. Baserri zahar askotan gertatu daiteke hori. 

Badakizue teileria hau noiz arte egon zen martxan?
Ez, ez dago data finkorik. Teilerietako aktibitatea XX. mendean amaitu zen, oro har. Espainiako gerra zibilak eraginda, teileria artisauek Europan baino denbora gehiagoz iraun zuten martxan, teknologia mekanikoa ailegatu arte. 

Eta hamarkada batzuk geroago, zuek etorri zarete teileriara, Solatsuko kideak.
Apurka-apurka etorri den zeozer da. Lursailok Unai Ugarrizaren aitak erosi zituen, beste familia batekin batera, 80ko hamarkadan, eta Unaik, ondarea babesteko asmoz, teileria berreskuratzea eta haren ondoko baserria goitik behera eraberritzea erabaki zuen. Asko irakurri du, kontsulta eta bisita mordoa egin du han-hemenka, eta 2019an inbertsioa egitea erabaki zuen. Apurka etorri dira gauzak

Oinarri biko proiektua da, interpretazio zentroa eta apartamentuak dituena.
Proiektuko protagonista teileria da eta bera ezagutaraztea da asmoa. Beraz, teilaren interpretazio zentroan egunpasa polit bat egin daitekeela erakutsi gura dugu. Bisita gidatuak eskaini, teila fabrikatzeko prozesua erakutsi, erakustaldi bat egin eta ginkanak antolatuko ditugu. Azken finean, umeekin jolasteko, ikasteko eta inguruaz gozatzeko lekua izatea gura dugu. Hori da proiektuaren arima. Bestalde, ondoko baserria berriztu denez, horri ere etekina atera gura diogu. Azpialdean ekitaldiak egin ahal izateko eremua egongo da, eta goialdeko geletan bost apartamentu. Beraz, bisitariek bietarako aukera izango dute bertan: teileria bisitatzeko eta ostatu hartzeko. 

Noiz zabalduko duzue?
Uztaileko bigarren astean zabaldu gura dugu, sanferminetako astean. 

Egin gonbita irakurleei. Zergaitik etorri Elorrioko teileria ezagutzera?
Ezkutuan egondako historia bat ezagutzeko eta harro egoteko moduko ondarea dugula ikusteko aukera bikaina delako. Izan ere, pentsa Elorrion zenbat ondare interesgarri dagoen! Honako hau ere oso interesgarria izango da umeentzat, eta geuretzat ere bai, makinarik bako mundua zelakoa zen ikusteko, adibidez. Azken finean, ondo pasatu bitartean, bisitariak gure historia ezagutzeko aukera izango du.  

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!