Zoe Igartiburu elorriarrak Ateneon aurkeztuko du diskoa

Anboto 2025ko mai. 28a, 09:17

Zoe Igartiburuk 'You were there' kaleratu du oraintsu, "maitasunari oda bat, bere zentzu guztietan". Kontzertua barikuan izango da, 20:30ean, Elorrioko Ateneon. 

Zoe Igartiburu artista elorriarrak You were there izenburua ipini dio bere lehenengo lanari. Gitarragaz eta pianoagaz konposatu dituen hamaika pop kanta batu ditu bertan. "Disko hau esperientzia errealetatik jaio da, nire bizitzan arrastoa utzi duten pertsonekin bizitakoak. Beti hor daudenei eginiko omenaldi bat da, alboan ditudanei eginikoa, nigandik hurbil zein urrun egon", azaldu du Igartiburuk. Pop doinu modernoz jantzirik, ikutu melodikoak eta hausnartzera gonbidatzen duten atmosferak batzen ditu diskoak. "You were there lanak maitasunean sakontzen du, bere forma guztietan; maitasun erromantikoa, familiagazko baldintzarik bako maitasuna, adiskideena, maitasun propioa edo musikagazkoa", gehitu du.

Elorrioko Ateneoan aurkeztuko du lana, barikuan, 20:30ean. Bertan, besteak beste, Just a kid eta [WTFIWWY] abestiak joko ditu. "Jendeak ez du nigandik abesti hau espero, baina oso indartsua dela uste dut", esan du artistak bigarren honi buruz. Sarrerak momentuan bertan erosi ahal izango dira, 5 euroan

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!