Elorrio finalean da, eta DRT finalaren atarian

Anboto 2025ko mai. 23a, 12:00

Elorriok Gaztediren aurka San Roke zelaian jokaturiko partidua. ELORRIO R.T.

Elorrio Rugby Taldeko gizonek eta Durango Rugby Taldeko emakumeek maiatzaren 31n Gasteizen jokatuko diren Euskal Ligako finaletara begira jarraitzen dute. Elorriokoak dagoeneko sailkatu dira finalera; bestalde, DRTko emakumeek alde polita dute, baina oraindino itzulerako partidua jokatu behar dute.

Elorriok Gipuzkoa Sortzen taldea kanporatu du finalerdietan. Joan zen asteburuan etxean 19-23 galdu arren, joanekoan 30-23 nagusitu zirenez, finalera sailkatzea lortu zuten. Elorrio denboraldi bikaina osatzen ari da: liga erregularrean 20 partidutik 18 irabazita, lider amaitu dute eta ez da lehenengo aldia. Hirugarren urtez jarraian izan dira Euskal Ligako lehenengo sailkatuak.

Bestalde, Durango Rugby Taldeko emakumeek 52-38 garaitu zuten Gaztedi finalerdietako joaneko partiduan. Arripausuetako neurketan, durangarrak erasoan inspiratuta aritu ziren eta zapatu honetan Gasteizen jokatuko den itzulerako neurketan 14 puntuko aldea defendatu beharko dute durangarrek. Alde polita da, baina ez erabakigarria, Gaztedi maila handiko taldea da eta.

Gizonetan nahiz emakumeetan, Euskal Ligako txapelketako finalak maiatzaren 31n jokatuko dira, Gasteizen. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!