Lier Perez eskalatzaile elorriarra, Euskadiko txapeldun

Ekaitz Herrera 2025ko mai. 2a, 15:10

Perez, podium erdian, joan zen apirilaren 26an Barakaldon jokaturiko txapelketan.

Apirilaren 26az geroztik, Lier Perez Barreras da Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako eskalada txapeldun berria, 16 urtetik beherakoetan. Elorriarrak zailtasun kategorian, sokan, lortu du garaipena: "Hainbeste biderrez bigarren egin eta gero, azkenean, Euskadiko txapela lortu dut", aitortu du pozik.

14 urte ditu, eta Euskadiko txapela ekarri du eskualdera, Elorriora, hain zuzen ere. Lier Perezek joan zen apirilaren 26an lortu zuen Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako garaipena, Barakaldoko Climbat aretoan jokatutako txapelketan. "Hainbeste biderrez bigarren egin eta gero, azkenean, Euskadiko txapela lortu dut", aitortu dio ANBOTOri: "Oso pozik nago", gaineratu du.

Hasierako sailkapen proban urduri zegoela aitortu du gazteak, baina bide bat bete eta beste bat lotu, probako lau bideak kateatzea lortu zuen. "Lehenengo bidea bete nuenean lortu nuen lasaitzea", azaldu du. "Bigarren bidea neure neurrikoa izan zen; alabaina, kostata egin nuen hirugarrena, korapilatu egin nintzen-eta. Azken bidea, laugarrena, muga-mugan bete nuen", aitortu du. Edozelan ere, hasierako probak atzean utzi, eta garaipena eskuratzea lortu zuen proba nagusian: "Azkena izan nintzen irteten, eta urduri nengoen. Hala ere, bidean gora egin eta lehenengo iritsi nintzen amaierara, beste batekin berdinduta. Proba denbora gutxiagoan bete nuenez, nik lortu nuen garaipena", azaldu du elorriarrak. 

Espainiako txapelketa prestatzen

Lier Perez da Euskadiko soka kategoriako txapeldun berria 16 urtetik beherakoetan. Hala ere, elorriarrak ez du etenaldirik egin, eta Espainiako txapelketa prestatzeko lanetan hasi da buru-belarri. Maiatzaren 31n Sant Martí de Tous (Herrialde Katalanak) herrira joango da gurasoekin, Espainiako txapelketako sailkapen proba jokatzera. "Finaletarako sailkatzea bakarrik, zerbait itzela litzateke", dio. 

Perezek zortzi urterekin ekin zion Elorrioko eskalada taldean ibiltzeari, eta Euskadiko selekzioan dabil duela urtebete pasatxotik. Hori dela eta, entrenamenduetako batzuk Oñatiko teknifikazio zentroan egiten ditu. Etxetik datorkio eskaladarako harra, bai ama eta bai aita eskalatzaileak ditu-eta. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!