Moreno Garaizabal familiako Rosa Mari, Manolo eta Lourdes neba-arrebak pozik daude aitita Manuelen lanak Elorrioko Iturri kultur etxean ikusita. Makina bat elorriar joan da kulturgunera lanak ikustera, eta artistari buruz gehiago jakiteko asmoagaz. Hain zuzen ere, apiril hasieratik dago ikusgai Manuel Moreno San Roman (1893-1969) artistaren hainbat lan bertan, familiak utzita. Margolari eta eskultoreak XX. mende erdialdean sorturiko obrak maiatza amaitu bitartean egongo dira bertan ikusgai. Artista polifazetikoa zen Manuel Moreno, Barakaldon jaio zen, eta koadroak margotzeaz gainera, eskulturak, urregintza eta galvanoplastia ere jorratzen zituen. ANBOTOk Iturrin bertan ipini du hitzordua artistaren senideekin. Elkarrizketak iraun duen bitartean, hainbat izan dira kulturgunera joan diren herritarrak, eta lanen kalitateaz gainera lanak "hurbileko parajeak" gogoratzen dizkietela nabarmendu dute askok. "Orain hamarkada batzuetako Elorrio zelakoa zen ezagutzeko aukera bikaina da erakusketa hau", azpimarratu dute. Beste batzuek, aitita Manuel Moreno eta amama Alejandra Garaizabal ezagutu zituztela gogoratu diete senideei. Orokorrean, beraz, Manuel Moreno zenaren senideak eta herritarrak gustura daude erakusketagaz. Guztira, artistaren 100 bat lan daude ikusgai, erretratuak eta paisaiak gehien bat. Hala ere, beste lan mota batzuk, orduko kontratuak zirriborroak eta dokumentazioa. Urte askoan gordeta egon eta gero, lan hauek ikusgai daude Bilboko Arte Ederren Museoaren, Morenoren senideen eta Elorrioko Udalaren elkarlanari eskerrak.
Nondik dator erakusketa zabaltzeko ideia?
Manuel Moreno: Orain 50 bat urte, Miguel Egiluz Antxia margolari handiagaz ikasi nuen Durangon. Hartu-eman handia zuen etxeko jendeagaz, eta berak proposatu zuen etxean genituen koadroekin erakusketa bat egitea. Lehenengoa Durangon bertan egin genuen, Ezkurdi aretoan. Berak prestatu zuen dena, baina ez zuen oihartzun handiegirik izan. Gerora, Bilboko Windsor aretoan zabaldu genuen, eta hangoagaz harrituta geratu ginen. Gogoan dut jaiak zirela, elkarregaz bazkaltzen geundela, eta Egiluzek deitu zuen: 'Ekarri koadro gehiago, denak saldu dira eta!'. Aita asko haserretu zen.
Rosa Mari Moreno: Ez genuen denak saltzeko asmorik, erakusketa egitea zen asmoa. Lan horietariko asko etxean genituen gutariko bakoitzak.
M. M.: Guztiak salduta, kontratua sinatu genuen, eta gaur egunera arte ez dugu beste erakusketarik egin. Tailerra zegoen landan etxeak egin ziren. Amabirjinaren, aingeruen eta kristoren irudi ugari gordeta geratu zen, horiek ez zirelako saltzen. Lanetariko batzuk bagenekien non zeuden, baina beste batzuk galdutzat eman genituen.
Lourdes Moreno: Kutxa batean sartuta, ondo gordeta egon dira hainbat urtez, baina ez genekien non zeuden, agertu diren arte! Maleta batean kiribilduta topatu ditugu beste batzuk. Denbora luzean egon dira gordeta, eta sitsak janda ere egon dira batzuk! Manolok lan dezente izan du horiek konpontzeko.
M. M.: Bilboko Arte Ederretako Miriam Alzuri kontserbatzaileak animatu gintuen aititaren lanak erakustera. Berak esan zigun 'Honegaz zeozer egin behar da'. Aitita eskultore lez agertzen zen liburuetan, baina ez margolari lez. Ilun eta zikin zeuden eskultura asko; denak uragaz garbitu, bernizatu eta ohol baten gainean itsatsi genituen, arrain-itsasgaiagaz. Urtebete inguru eman dut denak konpontzen. Astiro-astiro, presarik barik ibili naiz, urtebeteko itxarote-zerrenda zegoelako erakusketa zabaltzeko.
Garatu duzue margozaletasuna aititarengandik?
R. M.: Manolok, bai, besteok apenas!
M. M.: Aitak esaten zidan, 'Tira, joan aititarengana ea zeozer ikasten duzun!' (barrez). Batez ere, moldekatzen ibiltzen ginen, baina ez margotzen. Behin aita, aitita eta hiruok Iguria aldera joan ginen, Udalatx eta etxeak margotzeko handik; hori gogoan dut.
L. M.: Lan mordoa agertu da, tamaina eta mota desberdinetakoak. Bere garaian beharbada ez genion garrantzi handirik eman. Etxea konpondu genuenean, konponketan parte hartu zuten langileei eman genizkien batzuk. Asko, jainkoaren eta aingeruen irudiak, Galiziara eraman zituzten. Ondo dago aititaren lanak hortik zehar zabaldurik daudela ikustea.
R. M.: Tailerrean modelo mordoa egiten zuen; egin, apurtu eta berriro egin. Guk, batez ere, modeloak egiten lagundu genuen; karbonoplastia egiten, bernizatzen, bainua ematen eta piezak muntatzen laguntzen genuen.
Aitita Manuelek Elorrion garatu zuen bere ibilbide artistikoa.
R. M.: Barakaldon jaio zen, eta, gero, Elorriora ezkondu zen. Arte Ederren eskolako ikaslea zela ezagutu zuen amama, Alejandra Garaizabal, eta gero ezkondu ziren. Elorrion bizi izan ziren.
L. M.: Erakusketako pinturetariko askotan gure etxea zeneko bazterrak agertzen dira, baina ez daukagu argazki bakar bat ere etxea osorik agertzen dena!
Gustatuko litzaizueke beste nonbait erakustea lan hauek?
M. M.: Bilbora eramatea gustatuko litzaiguke, baina Arte Ederren museoan obretan daudenez, ez dugu uste luzaroan ezer egin ahal izango dugunik. Amamaren eta aititaren erretratuak han uztea gustatuko litzaiguke.