Aste honetan aurrerapauso handia eman dute Elorrion, bertako sarrera eta arteria nagusietarikoa den San Pio kalearen birgaitzeari ekiteko. Maria Herrero Hirigintza zinegotziaren esanetan, Elorrioko Udalak 2008tik du proiektua egitekoen artean, baina proiektuaren "tamainaren eta kostuaren ondorioz" atzeratzen joan da legegintzaldirik legegintzaldi. Martitzeneko osoko bilkuran 2.200.000 euroko kreditua onartu zuten, aho batez; 1.900.000 euro izango dira San Pio kalearen birgaitzerako. Noranzko bakarreko kale bihurtuko dute, espaloiak zabalduko dituzte eta zoladurak eta hiri-altzariak egokituko dituzte, oinezkoek lehentasuna izan dezaten. "Elorrioko sarrera nagusia da eta txarto dago, ez da atsegina bertatik ibiltzeko. Espaloiak ez dira irisgarriak, trafiko bolumen handia du, eta, gainera, segurtasuna ez dago bermatuta. Kreditua izapidetuta, beste urrats bat eman dugu elorriarrekiko dugun zor historiko hau kitatzeko", azaldu du Herrerok.
Mailegua epe luzerakoa dela azaldu du udalak, eta interesak likidatzeko eta amortizatzeko epea hamabi urtekoa izango dela; interes tasa aldakorra (hile birako euriborra) + % 0,49 da.
Bestalde, Buzkantz kalean hodien sistema eta espaloiak berriztuko dituzte, eta, horretarako, 300.000 euro erabiliko dituzte. Lanak udaberrian hastea aurreikusten du udalak.