2050. urtera bitarterako energia trantsizioa planifikatzeko helburua duen Daigun proiektua aurkeztu dute Elorrion aste honetan. Elorrioko Udalak eta Argiñola energia berriztagarrien komunitateak heldu diote erronkari, Siadecoren aholkularitzagaz. Abiapuntu legez zirriborro bat landu dute, eta 2050a epe muga modura ipinita, honako helburu hauek finkatu dituzte: gaur egungo energia kontsumoa ahalik eta gehien murriztea, eta kontsumitzen den energia jatorri berriztagarrikoa, tokian tokikoa eta modu iraunkorrean ekoitzitakoa izatea. “Energia eredu alternatiboa lortu gura dugu, ingurumena errespetatuko duena eta ekonomikoki bideragarria eta sozialki ekitatiboa izango dena. Nolanahi ere, eredu horren inguruko ikuspegia partekatua izatea gura dugu", azaldu du Oier Olagorta Ingurumen eta Landa Garapen zinegotziak gaur goizean egindako prentsaurrekoan. Horretarako, prozesuaren gobernantzarako lehenengo urrats lez, Batzorde Sustatzailea eratu dute. "Elorrioko eragile instituzional, ekonomiko eta sozialak daude bertan ordezkatuta, ezaugarri ezberdinetako herritar norbanakoez gainera. Deliberazio proiektuan landuko diren edukiak eta prozesua aurrera eramateko metodologiak zehaztuko dira talde horretan", aurreratu dute prentsaurrekoan. Herritarren, elkarteen edota enpresen parte hartzearen garrantzia azpimarratu du Karmel Zuazo Argiñolako kideak.
Herritarren inkesta
Abiapuntuko diagnostikoa osatzeko, ausaz aukeraturiko 400 herritarrek inkesta bati erantzun beharko diote. Aste honetan bertan, udalak informazio gutunak bidali dizkie herritar horiei. Talde sustatzaileak herriko eragileen parte hartzea ere bilatzen du, ikuspegi osoago bat lortzeko. "Gizarte eragileen, eragile sozioekonomikoen, herritar norbanakoen zein beste erakunde publikoen parte hartzea bultzatu gura dugu", argitu du Siadecoko Unai Oiartzunek. "Oso garrantzitsua iruditzen zaigu ariketa hau. Alde batetik, gaia jendarteratzeko, eta herritarren artean zabaltzeko; bestetik, elorriarren kezkak, edo iritziak jasotzeko, informazio gehiago edukitzeko, funtsean".
Zinema zikloa
Bestalde, Zinema etorkizunaz: energia berriztagarriak, zer bestela? zikloak aurrera jarraitzen du. Hurrengo emanaldiak martxoaren 28an, apirilaren 4an eta maiatzaren 9an izango dira, 19:30ean, Iturri kultur etxean. Doakoak dira. Ziklo hau ere Argiñolak eta Elorrioko Udalak antolatu dute.