Gabon bueltan bota zioten apostua Gallastegik eta Urretabizkaiak Zenitagoia eta Salaberriari; gero, Pitxar elkartean "ofizial" egin zuten apostua: aizkoragaz, kana-erdiko zortzi enbor moztu beharko dituzte bikoteko, txanda librean. "Laurok aurretik aizkoragaz ibili gabeak gara, eta zerotik hasi behar izan gara lanean. Egurra ekarri, aizkorak erosi, eta nola entrenatu ere ikasten ari gara", azaldu du Zenitagoiak. Ohorea ez ezik, Olasagasti jatetxean sei lagunentzako bazkaria (apustua sinatu zuten unean egon ziren lagunak) irabaziko dute bizkorrenek.
Beraz, erronkarako prestatzen ari da laukotea. Apustua, esan bezala, maiatzaren 10ean egingo dute, 12:30ean. Aurretik, herri kirol talde bateko harrijasoitzaileek harriagaz lan batzuk egingo dituzte giroa berotzeko; taberna zerbitzua ere eskainiko da, eta goizean zehar trikitilariak ere egongo dira.