"Zekerren hurrengo pauso logikoa da hau"

Aritz Maldonado 2025ko mar. 11a, 12:08

Liher Larrañaga, Lander Amorrortu, Pablo Garcia eta Paul Urigoitia.

Zeker talde elorriarrak 'Gure bizimodua da' lau abestiko lana kaleratu du oraintsu; martxoaren 14an ekingo diote aurkezpen birari, etxean, Elorrioko gaztetxean, Nekktar berriztarrekin eta The Lio nafarrekin batera; sarrerak salgai daude oraindino.

Kalifornia eguzkitsuko doinuen eragina nabari zaio Zeker taldearen lan berriari. Aurrekoetan legez, punk rock doinuak oinarrian, ahots melodia itsaskor eta erritmo biziekin jolasten jarraitzen dute Gure bizimodua da lan laburrean. "Zekerren garapena islatzen duen lana da hau: lehenengo lana poperoagoa zen, bigarrenean gauza arinagoak sartu genituen, eta hau bai bada Zeker", nabarmendu dute. Lan honetan, Fitoskinseko Txaberrek, Nekktarreko Alaiak, eta Iheskide taldeko Gaizkak eta Xaguk ere parte hartu dute. Martxoaren 14an Elorrioko gaztetxean aurkeztuko dute lana, The Lio eta Nekktar taldeekin batera. Sarrerak 7 euroan daude salgai, Portalekuan.

Gura duzuen Zeker horretatik hurbilago dago taldea?
Pablo Garcia: Baietz esango nuke, eta soinu aldetik ere bai, inoizko onena lortu dugu eta. 
Liher Larrañaga: Abestiek lehengo ildoari jarraitzen diote; elkarren artean desberdinak dira, baina gure soinua igartzen zaie, Zeker identifikatzen da entzuten dituzunean. Baina oraindino igartzen dira gure eraginak. Aurreko EParen hurrengo pauso logikoa da. Eta esango nuke badugula modu propio bat melodiak lantzekoa. 

Lan labur bat egitea aukeratu duzue berriro.
L. L.: Abesti nahikotxo sortzen dugu, eta gero gustukoen ditugunak aukeratzen ditugu. Behin hautaketa eginda, gogokoen ditugunak garatzen ditugu. Lan laburra izatearen erabakia, baina, erosotasunagaitik ere bada. Ez da berdina hamabi abesti nahastea, edo lau. Gainera, gaur egun musika kontsumitzeko moduak ere eragiten du. Lan luzeak ez dira entzuten, eta lau abestiko lan laburrak hasi eta amaitu entzuten dira.
P. G.: Hobea da maizago ateratzea materiala, lan luzeak denbora gehiagoan baino. Aukeraturiko abestiak gutxiago izanda, horiek borobiltzeko aukera gehiago ere badago. Motibagarriagoa ere badela esango nuke.  

Inoizko soinurik onena duzuela diozue, baina, paradoxikoki, zuen kontura grabatu duzue lokalean.
P. G.: Liher arduratu da grabazioaz, eta Terrasako (Herrialde Katalanak) EM Estudi-ko Xavi Escrivanok nahastu du. Pozarren gaude emaitzagaz, eta pozgarria da ikustea ia dena gure kontura eginda lortu dugula hau.
L. L.: Garratz taldeagaz probatu genuen formula hau lehenengoz, dirurik ez genuelako, baina gogo handia bai. Xavik bateria jotzen du, eta gure estiloa oso gustuko duenez, oso ondo ulertzen gaitu eta oso erraza da beragaz lan egitea. Igartzen da gogoko duen zeozer nahasten dabilela. Ekonomikoki ere igartzen da horrela egitea. 

Barikuan aurkezpen bira hasiko duzue, The Liogaz batera.
L. L.: The Liogaz Jimmy Jazz aretoan jo genuen, Iheskide elorriarrekin batera, iaz. Oso ondo konpondu ginen eurekin, eta, gerora, Iruñean ere elkarregaz jo genuen, San Ferminetan. Talde biok lana ia batera kaleratu behar genuela ikusita, elkarregaz bira txiki bat lotzea pentsatu genuen.
P. G.: Musika estilo aldetik ere osagarriak gara, eta hasi ere antzerako datetan hasi ginen talde lez. Oraingoz, bost hitzordu lotu ditugu elkarregaz. Lehenengoa barikuan izango da, Elorrioko gaztetxean. Nektar talde berriztarrak ere joko du bertan. Zuzeneko aurkezpenak orain artean baino gehiago lantzen gabiltza.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!