Goizeko 08:00ak inguru gertatu da istripua. LAB sindikatuak ohar bidez jakinarazi duenez, hildakoa Grupo One azpikontratarentzat lanean ziharduen 38 urteko Y.B. langilea zen.
Biharko, eguaztena, kontzentrazioa deitu dute Enpresako Batzordeak, Kontseiluak eta Zuzendaritzak. 12:00etan izango da enpresa aurrean. Sindikatuek eta Elorrioko Udalak deialdiagaz bat egin dute. Langileak ostera 24 orduko lanuztean daude. Bihar arratsaldeko txandara arte ez dira lanera itzuliko.
Sindikatuen salaketa
LAB sindikatuak ohar bidez salatu du, 2019an ere istripu larria izan zuela Betsaide enpresan azpikontratatutako beste langile batek. "Ez dago makinen segrutasunerako kontrol ofizialik eta balizko azterketa tekniko bat pasa beharko balute, gehienek ez lukete gaindituko", esan dute.
Udalaren elkartasuna
Bestalde, Elorrioko Udalak elkartasuna helarazi gura izan die hildako langilearen senide, lankide eta lagunei, adierazpen instituzional batean. "Elorrioko Udalak ezinbestekotzat jotzen du lan-osasunari eta segurtasunari buruzko kanpainak bultzatzen jarraitzea, eta lan-arriskuen prebentziorako arauak betearaztea ere". Horrez gainera, langilearen omenez egingo diren ekimenekin bat egiten dutela azaldu dute.