Bizikidetzagaz lotutako gatazkak bideratzeko zerbitzua eskainiko du Elorrioko Udalak

Anboto 2025ko mar. 3a, 15:24

Elorrioko Udalak bizikidetzan tentsioa areagotzen duten gatazkak bideratzeko zerbitzua jarri du martxan, Argi-Begi bitartekaritza elkartearen eskutik. Dagoeneko txanda eskatu daiteke. 

Elorriokok Udalak herritarren arteko gatazkak eragindako tentsioak bideratzeko zerbitzua eskainiko du. "Askotariko gaiak tratatzeko balio izango du, hala nola, animaliekin, usain desatseginekin, komunitateko konponketa eta mantenu lanekin, espazio komunen erabilera desegokiarekin, hezetasunekin, gehiegizko zaratarekin, erantzukizun zibileko kalteekin edota jarrera antisozialekin lotutakoak. Bizilagunen artean gerta daitezkee arazoak izan ohi dira sarri, baina inplikatuta egon daitezke komunitate ezberdinak, saltokiak, lur jabe pribatuak edota administrazioak ere", azaldu du udalak ohar baten bidez. 

Saioak "egoeraren zailtasunaren" araberakoak izango dira, "akordioetara iristeko helburuarekin". Horietarako txanda eskatu daiteke 667 709 417 telefonora deituta, edota argibegi@gmail.com helbidera idatzita; martxoaren 13tik aurrera egingo dira saioak, Iturri kultur etxeko Bekoerrota gelan. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!