Dickensen 'Gabonetako ipuina' Elorrion ikusgai

Aritz Maldonado 2025ko ots. 28a, 09:30

Khea Ziater konpainiak Charles Dickensen 'Gabonetako ipuina' eleberriaren egokitzapena taularatuko du Elorrioko Arriolan; konpainiak otsailean estreinatu du haurrentzako lehenengo lana; emanaldia domekan izango da, martxoak 2, 17:00etan.

Khea Ziater antzerki konpainiaren ezaugarri nagusietariko bat antzerkia eta kode zinematografikoak uztartzen dituela da. Hain zuzen ere, hamarkada baino gehiago daramate horretan; Scrooge eta mamuak haurrei zuzenduriko lehenengo lana dute. Charles Dickensen Gabonetako ipuina eleberriaren egokitzapena da. "Dickensen eleberria gure garaira ekarri dugu, gure sorkuntzen estilora eta forman eszenaratua; hau da, kode zinematografikoak eta antzerkia uztartuta. Kasu honetan, pauso bat harago joan gara eta aktoreak, pantaila eta panpinak uztartu ditugu, konbinazio hirukoitz batean", azaldu dute konpainiakoek. 

Istorioak Ebenezer Scrooge bankari diruzalearen bidaia kontatzen du. Bere bazkide zen Marleyren mamuak azken aukera bat eskaintzen dio pertsona ona bilakatzeko. Na Gomes eta Sandra Fdez Aguirre dira aktoreak; Alex Gerediagak zuzendu du lana eta Kepa Errastik euskaratu du gidoia.

Estreinaldia otsailean
Otsailean estreinatu zuten Scrooge eta mamuak, Sopelan (Bizkaia). Harrezkero, hainbat emanaldi egin dute. Elorriokoaz gainera, datozen asteetan beste emanaldi batzuk egingo dituzte Durangaldean; hala nola Durangon (martxoak 16), Berrizen (apirilak 4) eta Zornotzan (apirilak 5).

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!