Indarkeria matxistaren biktimak laguntzeko arreta zerbitzua jarri du martxan Elorrioko Udalak

Anboto 2025ko ots. 11a, 09:23

Elorrioko Udalak zerbitzu espezializatua jarri du martxan indarkeria matxista jasan edo jasaten duten pertsonak laguntzeko. Zerbitzua eskatzeko Udaleko Berdintasun arlora, Udaltzaingora, Gizarte zerbitzuetara eta Elorrioko Osasun zentrora jo daiteke. 

Otsailaren 7an II. Koordinazio Protokoloko Tokiko Mahaia aurkeztu zen, eta bertan, besteak beste, herritarrei erantzun praktiko eta eraginkorrak emateko asmoa agertu du udalak; zerbitzua udaleko berdintasun arloak koordinatuko du, Sortzen Consultoriako psikologo bik emango dute zerbitzua. "Emakumeen aurkako indarkeria-kasuak oraindik ere gure artean daude, indarkeriaren ikuspegia eta tipologia zabaltzen ari gara, kasuak konplexuagoak dira, eta herritarrek erakundeei erantzun praktikoak eta eraginkorrak eskatzen dizkiete", azaldu du Elorrioko Udalak ohar baten bidez. Ohar berean, arreta "edozein indarkeria adierazpeni aurre egiten dioten emakumeei eta sexu edo genero izaeragatik indarkeria jasan duten LGBTI+ pertsonei" emango zaiela zehaztu du udalak. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!