Elorrioko kontzentrazioan "osasungintzako profesionalen falta" salatu dute

Anboto 2024ko abe. 27a, 11:06

Atzoko kontzentrazioko irudia.

Gabon hauetan Elorrion bost medikutik bi edo hiru baino ez direla lanean ariko salatu du Osasun Publikoaren Aldeko Plataformak.

Osasun Publikoaren Aldeko Plataformak deituta, kontzentrazio bat egin zuten atzo Elorrion egunotan bizi duten "osasungintzako profesionalen falta" salatzeko eta "oporretan zein bajan daudenen lanpostu hutsak betetzea" exijitzeko. "Gabon hauetan, bost medikutik bi edo hiru baino ez dira lanean ariko Elorrioko osasun-zentroan. Langileen erdiarekin, ez dago kalitatezko arretarik, ez dago gaixotasunen jarraipen egokirik, ez dago osasunerako bermerik", diote ohar batean.

Egoera urteetako "murrizketa bortitzen eta zerbitzuen pribatizazioaren" ondorioa dela azaldu dute. "Osasun publikoa gainbehera doan bitartean, klinika pribatuak aberastu egiten dira gure osasunaren kontura, eta gutxi batzuen poltsikoak bete egiten dira. Osasungintza publikoaren desmantelamendua ez da mehatxatzen gaituen arrisku bat, gertatzen ari da eta hemen eta orain eragiten digu", gehitu dute. Horiek horrela, "guztiontzat kalitatezkoa eta doakoa izango den osasun-sistemaren alde" lan egitera deitu dituzte herritarrak.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!