Berdintasun Sailetik, hain zuzen ere, beste edozein urtetan baino ordu kopuru gehiago eskaini izana nabarmendu dute. "Ikastaro arrakastatsuenak hilekoaren ikastaroa eta brikolajearena izan dira, partaide kopuru altuak bi talde antolatu behar izatea eragin du. Erabiltzaileek espreski eskatu dute hilekoaren gaia urtero lantzea. Bestetik, zoru pelbikoaren saioek ere interes handia piztu dute", azaldu dute ohar baten bidez. Parte hartzaileen profilari dagokionez, iaz baino emakume gazteagoak eta nagusiagoak hurbildu direla azpimarratu dute, baina batez ere, 46 eta 60 urte bitarteko emakumeek parte hartzen dutela azaldu dute. "Ikastaroetako edukiak askoetakoak izan badira ere, helburu nagusiak emakumeen ahalduntze indibidual, kolektibo eta sozialarekin estuki lotuta daude. Adibidez, emakumeen autonomia, parte hartze soziala, gure gorputzen gaineko kontzientzia eta kontrola, emakumeenganako zapalkuntzen eta diskriminazioen kontzientzia eta beste hainbat kontu lantzen dira".
Ikastaroek, guztira, 6.350 euro inguruko kostua izan dute.