Kale erakusketan lapurtu dutela salatu du EMEk

Anboto 2024ko abe. 2a, 16:17

Elorrioko Merkatari Elkarteak zapatuan jarritako erakusketan lapurreta egin dietela salatu du; herriko bizitzan merkataritzak duen garrantzia irudikatu gura zuen elkarteak erakusketaren bidez.

Horretarako, Elorrion iraganean egon ziren eta orain itxita dauden establezimenduak gogoratzeko establezimenduaren izena eta argazkia duen identifikazio plaka eta led aplike bana jarri dituzte erakusketan, negozio horiek egon ziren tokietan; hain zuzen ere, zapatu goizaldean led aplike horiek ostu zituztela salatu dute ohar baten bidez. "Zapatuan bertan hasi zen erakusketa, eta goizaldean 20 aplike baino gehiago lapurtu zituzten. Urte hasieratik egon gara jarduera hau lantzen, eta asko tristetu gaitu jende batek lan hau kontutan ez hartzea. Gure asmoa merkataritzaren egoera ikustaraztea zen, gero eta denda gehiago ari dira ixten eta", azaldu dute oharrean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!