"Azken hilabete hauetan gertatutakoa pentsaezina zen duela gutxi. Langile guztien lan gainkarga, %40eko behin-behinekotasun maila, hilabeteetako edo urtebetetik gorako itxaron zerrandak ebakuntzetarako... Gaur egun Durangaldean hainbeste eragiten gaituena ez da salbuespena, EAEko herri guztietan egunero ikusten dugu. Ezin dugu onartu ezohikoa gure eguneroko normaltasun bihurtzea. Durango, Berriz, Zaldibar, Elorrio, Zornotza... Medikuen falta pairatzen ari gara, kontrolik ezaren eta planifikazio faltaren sentsazioa areagotuz. Urrutira joan barik, azken egun hauetan, Elorrion bi mediku bakarrik izan ditugu herritar guztientzat. Lotsagarria da! ", kexatu dira plataformatik ohar baten bidez. "Osasun publikoak gure herrien gizarte-ongizatearen funtsezko zutabea izan behar du, ezinbestekoa, eta beraz, berreskuratzeari eman behar diogu lehentasuna", esanda, eguenean Elorrioko udaletxeko areto nagusira hurbiltzeko deia egin dute plataformatik.