Hilario Rodeirok hasiko du Arriolako Jazz Blues jaialdia

Anboto 2024ko aza. 12a, 09:33

Ohikoa den moduan, azaroagaz batera Arriola Jazz Blues musika jaialdia heldu da. Azaroaren 15ean izango da lehenengo emanaldia, Hilario Rodeiro Quintet taldearen kontzertua.

Jazz eta blues programazioan, esperientziarik handienetarikoa duen herrietariko bat da Elorrio; izan ere, estilo bi horiek uztartzen dituen Arriola Jazz Blues jaialdiak 35 edizio daramatza martxan. Neurri handi batean, musika mota horietaz gozatzen duen publiko fidelari eskerrak da. Hilario Rodeiro galiziarraren boskotea arduratuko da aurtengo edizioari hasiera emateaz. Rodeiro Santiagon jaio zen, baina hamabost bat urte daramatza Donostian bizitzen. Denbora horretan, Gordon lee, Sabine Kühlich, Chris Kase eta Bob Sands musikariekin aritu da, besteak beste. Azken urteetan arte eszenikoetarako musikaren ekoizpenean murgildu da; hala ere, Rodeirok denbora izan du bere bakarkako lehenengo lana kaleratzeko. Boskotea osatu eta bere izenagaz bakarka egiten duen lehenengo jazz diskoa kaleratu du aurten: Pausa. Emanaldia 20:00etan izango da, Ateneoan. Biharamunean, Enrico Crivellaro & The Italian All Stars taldea arituko da agertoki berean; AEBetako musika tradizionalaren adar desberdinak ikutzen ditu bere emanaldietan.

Naco Goñiren La Blues Company eta Move Quartet taldeek ere emango dituzte kontzertuak, hurrengo asteetan. Durangaldeko ordezkari legez, Broken Salad kolektiboak egingo du emanaldia.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!