"Mendiak izan dira hona etortzeko arrazoi bat"

Joseba Derteano 2024ko urr. 12a, 10:20

June Villarroel Olza Urkiola Kopako protagonista nagusia izan da. Kopako hiru lasterketak irabazita jantzi du txapela. Madrildarra jaiotzez, urtebete darama Elorrion bizitzen, eta ingurua asko gustatzen zaiola adierazi du

Oraintsu arte June Villarroelen izen-abizenak arrotzak ziren eskualdean, baina denbora gutxian denen ahotan egotera pasatu da, batez ere mendi lasterketen munduan. Sorginen Lasterketa, Mañaritik Atxetara eta Aramotz mendi lasterketetan makina bat bider izendatu dute megafoniatik, irabazle  helmugaratu izan denean zein podiumera igo den bakoitzean. Urkiola Kopan goitik behera agindu du eta merezimendu osoz jantzi zuen txapela joan zen asteburuan, Zornotzan. 

Zelan joan zen Aramotz mendi lasterketa?
Oso lasterketa polita izan zen. Aurreko lasterketa batzuek baino desnibel gutxiago izatea eskertu nuen, azken proba horretara apur bat nekatuta heldu nintzelako. Ibilbidea nahiko lupeztuta zegoen, baina ondo egiteko modukoa zen. Ibilbide entretenigarria zen eta gozatu egin nuen. 

Oraintsu arte ez zintugun ezagutzen inguruotan. Denbora gutxi daramazu hemen, ezta?
Madrildarra naiz eta egunotan beteko da urtebete hona etorri nintzela. Bikotekidea eta biok etorri ginen. Durangoko Kirolenen [Kirol Irakaskuntzen ikastetxe publikoa] ikasten gabiltza. Mendiko gidariak izateko ikasketak egiten gabiltza. Elorrion bizi gara. 

Hemen bakarrik egin daitezke mendiko gidaria izateko ikasketak?
Ez, Madrilen bertan ere badago aukera, baina hona etortzeko gogoan nuen, hemen senitartekoak ditudalako.

Horregaitik 'June' izena?
Hain justu ere. Amaren familia Gipuzkoakoa da; Tolosakoa, hain zuzen ere. Beraz, ikasketak hemen egiteak ilusioa egiten zidan. 

Urkiola Kopan goitik behera agindu duzu. Hasieratik zeneukan pentsatuta bertan parte hartzea?
Ez, nahiko bat-batekoa izan da. Banuen Sorginen Lasterketa egiteko asmoa, asko gustatzen zaidan ibilbidea duelako. Ondoren, Golden Trail Series nazioarteko zirkuituko lasterketak egiten jarraitu gura nuen, baina Polonian lehiatu behar nuen proba bat bertan behera geratu zen. Horregaitik eta beste arrazoi batzuengaitik etxe inguruko lasterketetan ipini nuen arreta. Ibilbideei begiratu, eta asko gustatu zitzaizkidan. Urkiola Kopari oso itxura ona hartu nion. Entrenatzen naizen tokietatik igarotzen ziren eta inguru horiek lasterketetan egiteak ilusioa egiten zidan. 

Hiruretatik zein gustatu zaizu gehien?
Hirurak asko gustatu zaizkit. Beharbada, Mañariko lasterketagaz gozatu nuen gehien. Oso ibilbide teknikoa du, desnibel askokoa, eta horrelakoetan asko gozatzen dut. Gainera, inguru haiek asko gustatzen zaizkit: Untzillatx, Astxiki, Anbotoko gailurreria, Urkiolamendi… inguru ederrak dira, lasterketa batean nahiz edozein egunetan bisitatzeko modukoak. Egia esanda, Durangaldean mendi eta paisaia zoragarriak daude. Aramotz mendi lasterketako inguruak ez nituen hainbeste ezagutzen, eta niretzat deskubrimendu bat izan da. Hemengo mendiak dira hona ikastera etortzeko arrazoi bat. Toki ideala iruditzen zait trail munduan lehiatzeko eta trebatzeko. 

Denbora asko daramazu mendi lasterketak egiten?
Atletismoan hasi nintzen, asko hasten diren moduan. Mendia beti gustatu izan zait eta asko ibili izan naiz mendian, baina ez korrika. Orain urte bi hasi nintzen eta urtebete inguru daramat modu serioan lehiatzen. 

Aurrera begira, zer asmo duzu datozen asteetarako?
Denboraldia amaitzear dago. Golden-eko azken probara, Suitzakora, ez naiz joango. Espainiako Kopan parte hartzen ere banabil, promesen mailan. Une honetan lider nago eta Andaluziako azken lasterketara joango naiz.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!