Elorrioko 2025eko aurrekontu parte hartzaileen prozesua bigarren fasean murgildu da. Jasotako proposamenen artean, udal talde teknikoak sei proiektuko zerrenda egin du. Hauek dira aukera posibleak: bainu publikoak ipintzea Esteibarlandan, musika eskolako eraikinean hobekuntzak egitea, Elizaldeko azpiegiturak hobetzea, San Joseko txintxaunak berriztu eta eremua atontzea, Ibarrako espaloien konponketaren lehenengo fasea egitea, eta Aldatsekuako frontoia eta inguruak egokitzea. Elorriarrek aste honetan euskarriak jasoko dituztela azaldu du udalak, eta formularioa udaletxeko, edo Iturri kultur etxeko postontzietan utzi dezaketela, urriaren 18ra bitartean. Internet bidez ere eman daiteke botoa, www.elorrio.eus webgunean (kasu honetan, urriaren 20ra arte). Hamasei urtetik gorako elorriarrek (Elorrion erroldatuta daudenak) ere parte hartu ahal izango dute, boto bakarra emanez prozesu osoan.
Ekainean egin zuten lehenengo prozesuko lehenengo fasea. Guztira, 185 lagunek parte hartu zuten, eta 301 proposamen batu zituzten.
Parte hartzea sustatuz
Herritarren parte hartzea sustatzeko, udalak hainbat ekintza iragarri du. Adibidez, urriaren 8an informazio karpa bat egongo da merkatuan, eta 9an txokolatada bat egingo dute Aldatsekua jubilatuen etxean.