Elorrioko zenbait eragilek batzarrera deitu dute osasungintza publikoaren aldeko plataforma bat osatzeko. "Azkenengo urte bietan hainbat mobilizazio egin dugu Elorrion Osakidetzaren egoera salatzeko. Mobilizazio jendetsuak izan dira eta Argi Gorriak taldeak eta Pentsiodunen mugimenduak antolatu dituzte, baina, osasungintza publikoaren egoera hobetzen ez denez, beste pauso bat emateko momentua dela uste dugu. Gure kexak ozen esateko momentua da", azaldu dute ohar baten bitartez. Horrela, urriaren 3an batzarra egingo dute Ateneoan, 18:30ean. "Gure osasuna ez da merkantzia bat, gure eskubidea da. Hala ere, azkenengo urteetan egoera geroago eta okerragoa da gure herrian, eta Osakidetzan orokorrean", gehitu dute.
Herritarrek kezkatuta jarraitzen dute osasungintzagaz Durangaldean, eta irailaren 19an eskualdeko manifestazioa egin zuten, Berrizen; ehunka lagunek parte hartu zuten bertan. Bihar beste mobilizazio bat egitekoak dira, Durangon. 19:00etan izango da.