"Walterrek diskoa ez ikustearen penagaz geratu gara"

Aritz Maldonado 2024ko ira. 29a, 10:20

Prozesu luze baten emaitza da Geuretik diskoa. Luzea, eta malkartsua ere bai. Izan ere, 2019an hasi zuten diskoaren grabazioa Aintzane Agirrebeñak eta Mirari Azkunek.

Prozesuan, izurrite bat igaro dute, Azkunek eskua apurtu zuen, eta, gainera, Walter Tuzzeo teknikaria -eta laguna- bihotzekoak jota hil zen grabazioa ia amaitua zegoenean. Aldatsa are tenteago egin zuen kolpea izan zen, dudarik barik. Zapatuan, bere omenez egingo duten jaialdian parte hartuko du bikoteak, eta arantza kentzen ahaleginduko dira horrela. "Gatxa izango da, utzitako zuloa handia da eta", esan dute. Azkune (Etxebarria, 1989) trikiti irakaslea da Durangon, eta sarri ibili da bertako Alde Zaharretik kalejiran ikasleak eta kideak alboan dituela. ANBOTOk beragaz berba egin du.

Zer da 'Geuretik'?
14 kantaz osaturiko diskoa da. Abesti propioek eta geureratuek osatzen dute lana. Triki jaialdietan parte hartu izan dugu urteetan, eta jotzen genuena bertan geratzearen pena izaten genuen. Biak joz disfrutatzen dugu, bai gure abestiak eta baita bertsioak ere, originalak hartu eta geurera ekartzen ditugulako, eta hitzak ere moldatzen dizkiegulako. Niri, adibidez, Bryan Adams asko gustatzen zait, eta bere kanta mitiko bat sartu dugu, bals eran jota. Jendeak entzun, eta ezaguna egiten zaio, baina moldatuta dagoenez ez da hain nabarmena. Billy Joelen Piano man, eta Ramon Ayala mexikarraren eta Galy Galianoren abestiak ere badaude.

Horrez gainera, guk eta gure ingurukook egin dugun prozesu baten emaitza ere bada. Walter Tuzzeok parte hartu du diskoan, eta baita Eugenio Gisasola 'Lutxurdio'-k, Zaloa Zenarruzabeitiak, Miren Errastik, Agurtzane Mujikak eta Iñaki Ortegak ere. Azala eta diseinua Mireia Agirrebeñak egin ditu; Aintzaneren eta Mireiaren amak ere idatzi ditu berba batzuk. Geure kabuz egin ahal izan dugun guztia geuk egin dugu.  

Udan kaleratu duzue. Zelako harrera izan du?
Harrera ona. Jendeak bazekien grabatzen ari ginela, eta zer gertatu zaigun ere; beraz, zain egon dira. Beharbada uda ez da sasoirik onena diskoa kaleratzeko, baina gu pozik gaude. Entzun duenari ere gustatu zaio.

Zer topatuko du entzuleak?
Kantatzea oso gustuko duten neska bi gara, trikitia eta pandero tradizionala jotzen ditugunak. Doinu aldetik, rantxerak, balsak edo tradizionalagoak diren fandangoa, porrusalda eta arin-arina entzun daitezke. Cumbiaren antza duten erritmoak ere entzun daitezke, baina trikitixa mundukoak, gu oso tradizionalak garelako. Eta kanta asko ere topatuko dute.

Luze joan zen grabazioa.
2019ko Markinako txapelketan jotako kantak ez ziren ondo grabatu, eta geure kabuz grabatzea pentsatu genuen, Walter Tuzzeoren estudioan, geuretzat. Baina, behin hasita, disko oso bat grabatzea pentsatu genuen. Baina gero pandemia eta itxialdiak etorri ziren, eta horren ondoren asko kostatu zitzaigun lanean hastea; gerora, eskua hautsi nuen, eta lokalean obrak egin zituzten. 2023an, nahikoa zela iritzita, grabazioa serio hartzen hasi ginen (barrez). Diskoa amaitzeko astebete baino falta ez zela, Walter bihotzekoak jota hil zen. Proiektua eskegita geratu zen hor, baina Asier Gozategi eta Balea estudioetako lagunen eskuzabaltasunari eta ekinari eskerrak, diskoa kaleratu ahal izan dugu. 

Tuzzeori asteburuan egingo dioten omenaldian parte hartuko duzue.
Bai, Eibarren izango da. Hamasei talde gaudela uste dut! Maitagarria zen eta ikaragarri balio zuen. Izan ere, musikaria zen, teknikaria... Diskoan oso parte aktiboa izan da, baxuak eta perkusioak berak jo dituelako. Sekulako ilusioa ipini zuen diskoan, eta berak emaitza ez ikustearen penagaz geratu gara. Baina, batzuetan, horrela datoz gauzak. Egun potentea izango da, oso ezaguna zelako Eibarren.

Baduzue diskoa zuzenean aurkezteko asmorik?
Erromeria solteak egiten ditugu urtean zehar, eta aurten ere horrela izango da, ez dugu ezer berezirik planteatzen. Nahiko nekatuta amaitu dugu diskoaren grabazioaren prozesu guztiagaz, eta deskonektatu beharra daukagu.

Diskoa Durangoko Mesoi Berrian duzue salgai. Trikitizaleak dira?
Durangon ematen ditut klaseak, eta urtean hainbat bider irteten gara kalera kalejiran. Beti amaitzen dugu Mesoi Berrian, Mila jabeari asko gustatzen zaiolako mundu hau. Ikasle baten bitartez galdetu nion ea CDaren kopia batzuk utzi nitzakeen bertan saltzeko, eta baietz esan zidan. Berak erosi zuen lehenengoa. Errezildarra da eta bere zaletasunak ez nau harritzen; berdin dio 02:00ak edo 16:00ak izan, beti gura du soinua entzun. Kalejira guztietan, han afaltzen amaitzen dugu. Ez diot inbidiatik, baina Urola inguruetan beste modu batera bizi dute trikia. Nire aita azpeitiarra da, eta halakoa da.

Badago afiziorik Durangaldean?
Musika eskoletan eskaera handia duen instrumentua da trikitia. Jende askok ematen du izena bertan, aurrera ateratzeko gatxa den instrumentua izan arren. Asko jo behar duzu kalean jo gura baduzu. Horregaitik ez da ikusten hainbeste jende kalean jotzen, urte asko behar direlako, baina afizioa egon, badago. Durangaldean, itzela. Etorri nintzenean ikusi nuen hori, Markinan baino handiagoa dago hemen. Egoi Petite, Gorka Valdes eta kuadrilatxo hori ikustea baino ez dago, eta nire ikasle batzuk ere aipatu nitzake.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!