Elorrion martxan da berriro zaintza eremuan lan egin eta enplegatzen dituztenentzako informazio eta aholkularitza zerbitzua. Asociación Mujeres con Voz elkartea arduratzen da zerbitzua emateaz, eta, besteak beste, kontratazioari, soldatari, lanaldiei, oporrei, laneko prebentzioari, eta lan tramiteei buruzko informazioa ematen dute bertan. "Guretzat ezinbestekoa da Elorrioko etxeko langileen zein zaintza lanetan dabiltzan emakumeen lan, gizarte eta bizitza-egoera hobetzea, lan eskubideei buruzko informazioa ematen, eta, beharrezkoa den kasuetan, lan esparruan eta herrian ondo integratzeko errekurtso eta aukerak helarazten", azaldu du Julene Lazkano Elorrioko alkateak.
Zerbitzua urte osoan zehar egongo da martxan, hilean behin, barikuetan, 10:00etatik 15:00etara. Dagoeneko txanda eskatu daiteke, asesoria@mujeresconvoz.com helbidera idatzita edo 655 603 809 whatsapp zerbitzura idatzita.
Berdintasun plana, eskura
Bestalde, Elorrioko Udalak herritarren eskura ipini du Berdintasunerako V. Planaren zirriborroa; urriaren 11ra bitartean jasoko dituzte ekarpenak, email bidez edo udalean bertan idatzi bat erregistratuz. Planaren zirriborroa udalaren webgunean dago ikusgai.