"Bulegoetatik kanpora ere bizirik dago eszena"

Aritz Maldonado 2024ko ira. 13a, 12:56

Estutu talde elorriarrak 'Gure hautua' lan berria aurkeztuko du zapatuan, Arrasateko gaztetxean; Rebel Noise, Azken Sustraiak eta Oi! se arma taldeekin batera aurkeztuko dute; lan berrian, "makarrismo" musikalaren aldeko hautua berretsi dute

Estutu talde elorriarra gogotsu bueltatuko da taula gainera Gure hautua lan berriagaz. "Musika makarrak ere bere tokia duela aldarrikatu gura dugu", esan dute elkarrizketan. Gaur egun, Aimar Sainz de Murieta, Andoni Orbegozo, Andu Moreno eta Mario Cruz dira taldekideak.

Zelako harrera izaten ari da lan berria?
Mario Cruz: Ona esango nuke, baina, batez ere, egindako lanagaz eta lorturiko emaitzagaz gaude gustura. Jendearen aldetik ere erantzun positiboa heldu zaigu.
Andu Moreno: Grabazioa amaitzean, jada pozik geunden geneukanagaz, eta, azken finean, horixe bilatzen genuen, gustura geratzea lanagaz.  

Aitor Ariñogaz grabatu duzue, Lorentzo Recordsen.
A. M.: Aurreko lanagaz alderatuta, aurrerapauso bat eman gura genuen; kalitate aldetik ere, aldaketa hori egin gura genuen. Ahal zen moduan grabatu genuen aurrekoa, lokalean, gaztetxean, eta pandemiak ere tarteko harrapatu gintuen, baina naturala zen hori horrela egitea, eta bide honetan asko ikasi dugu. Urte gehiago daramatzagu, eta, hobeto edo okerrago egin, ikasten gabiltza. Hasieran, baliabiderik barik eta inguruko jendeagaz grabatu genuen, eta oraingoa beste esperientzia bat izan da. Askotan, buruan duzun hori errealitatean islatzea da gatxena, eta Aitorrek asko lagundu digu horretan. 
M. C.: Horrela egiteak, gainera, beste exijentzia maila bat eskatzen dio taldeari, gauzak hobeto prestatzeko, eta lantzeko. Hurrengorako ere badugu zer hobetu, baina esperientzia guztietatik ikasten da. Hala ere, esango nuke positiboa izan zela lehenengo diskoa grabatu genuen moduan grabatzea. Alde batetik, bigarrenagaz errazagoa izango da hobetzea (barrez), eta bigarrenik, zeure kabuz eginda asko ikasi dezakezulako. 

Punk, rock eta oi! doinuei eutsi diezue.
M. C.: Ezeri ere ez diogu aterik itxi, baina aldatu ere ez gara egin; aurrekoaren sokatik joan da dena.  
A. M.: Kantak sortzerakoan ere, prozesu desberdinak ditugu, eta abestietan igarri egiten da hori. Kantak desberdinak dira euren artean; batzuek distortsio gehiago dute, edo baxuak lerro nabariagoak ditu. Beste batzuetan erritmoak melodikoagoak dira. Ez dugu mugarik ipintzen, eta lokalean musikak berak eramaten gaitu. Gitarra riffak bidaltzen dizkiogu elkarri, baita abestietako hitzak ere, eta ziriborro horiek lokalean garatzen ditugu gero. Bertan ematen diegu forma. 

Zapatuan Arrasaten aurkeztuko duzue lana. Gogotsu?
A. M.: Pandemiaren ondoren, kontzertu bakarra eman dugu, arrazoi desberdinengaitik, eta oso gogotsu gaude. Rebel Noise taldeko lagunek diskoa elkarregaz aurkezteko aukera eskaini ziguten, eta oso aukera polita iruditzen zaigu. Gainera, gaztetxe batean aurkeztea garrantzitsua da guretzat, horrelako espazioak aldarrikatzeko eta lagunekin jo ahal izateko. 

Diskoan kontrakulturaren garrantzia ere aipatzen duzue.
M. C.: Bulegoek manejatzen dituzten guneetatik kanpora badago oso bizirik dagoen musika eszena bat, eta zapatukoa horren erakusle da: hainbat gazte talde gune autogestionatu batean kontzertua ematen.
Aimar Sainz de Murieta: Abestietako letrak hortik doaz neurri batean. Jendea pizteko gogoa dugu, hemen jarraitzen dugula esateko gogoa. 

Batzuek diote gazteek ez dutela gustuko punka.
A. S.: Lehen baino punk talde gutxiago egongo da beharbada, baina horrek ez du esan gura ez dagoenik.
A. M.: Urteak pasatu ahala, doinu eta gustu berriak agertzen dira. Rock eta punk doinuek indar handia zuten lehen, eta gaur egun reggaetoia eta doinu elektronikoak dira nagusi. Hala ere, talde txiki asko daude egundoko lana egiten dutenak baina dena delakoagaitik ez direnak rengana heltzen. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!