Elorrioko Haurreskolakoen eta HH2 urtekoen eraikin berria, zabalik

Anboto 2024ko ira. 12a, 12:00

Bost urte behar izan dituzte eraikina guztiz berregituratzeko. Martitzenean ate irekiera ekitaldia egin zuten. 

Ikasturte berria hasteagaz batera, Elorrioko Haurreskolakoen eta Haur Hezkuntzako urte bikoen eraikin berria zabaldu dute. Eraikina eraberritzeko prozesua udalaren eta hezkuntza komunitatearen bost urteko elkarlanaren emaitza izan da; izan ere, 2019an diagnostikoa egin eta gero, eraikina "txarto" zegoela ondorioztatu zuten. Horrez gainera, eraikin "moderno, irisgarri eta energetikoki jasangarria" behar zela ondorioztatu zuten, "beharrizan pedagogikotik eta ikuspegi funtzionaletik hobeto antolatutakoa".

Guztira, diagnosi, idazketa eta obraren kostua bi milioi eta erdi euro ingurukoa izan da. Horietatik 1.300.000 euro udalak ordaindu ditu, eta gainerakoa Europaren, Jaurlaritzaren, eta Aldundiaren laguntzagaz ordaindu dute. "Europak partaidetza puntuak, administrazio taldeen arteko lankidetza eta proiektuaren kalitatea ebaluatzen zituen bereziki, eta, beraz, udalaren eta hezkuntza komunitatearen artean egindako lana saritu dute", azaldu du Maria Herrero Hirigintza arduradunak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!