Elorrioko Udalak Ferixa Nausikoen balorazio "oso positiboa" egin du

Anboto 2024ko ira. 11a, 11:09

Arg: Unai Olaso

Egun batzutan euria egin arren, adin guztietako herritarrek "izugarri" gozatu dutela nabarmendu du Elorrioko Udalak Ferixa Nausikoen biharamunean. "Giro ederra eta parte hartze handia" azpimarratu dituzte. "Garrantzitsua da, halaber, eraso sexistarik, transfoborik, homofoborik eta arrazistarik ez gertatzea", gaineratu dute. 

Ferixa Nausiko azokan "txalotzeko moduko kopuruak" egon zirela nabarmendu du udalak, eta jendearen erantzuna "tamainakoa" izan zela aitortu du. Horrez gainera, kuadrilen parte hartzea ere azpimarratu du ohar baten bidez. "Asteleheneko bazkarian umorea eta jai giroa nagusi izan ziren; jolasetan 27 talde lehiakide izan ziren, eta hurrengo zapatuko karroza jaitsieran ere 30 lagun taldek parte hartu zuten... Pozarren esan dezake udalak erreleboa bermatuta dagoela, nabarmentzekoa izan baita gazteen parte hartze handia". 

Elorrioko Udalak autokritika egiteko baliatu du oharra, baita ere. "Besteak beste, hondakinen eta zikinkeriaren kudeaketa hobetu dezakegu, baita gaueko garraio publikoarekin sortzen den arazoa ere: jende-pilaketek zarata handia eta onartezinak diren jarrerak eragin dituzte. Datorren urtera begira udalak konpromisoa hartu du Aldundiari autobus zerbitzua hobetzea eskatzeko, autobus gehiago egon daitezen joan-etorrietan". 

Udalak, amaitzeko, jai batzordera hurbildu eta 2025ko Ferixa Nausikoen antolakuntzan parte hartzeko deia egin die herritarrei. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!