Emakumeen boteretzerako ikastaroak aurkeztu dituzte Elorrion

Anboto 2024ko ira. 11a, 09:18

Elorrioko Udaleko Berdintasun Sailak emakumeen boteretzerako ikastaroak eta berdintasunerako ekimenak jarriko ditu martxan urritik abendura arte. Programan parte hartu gura duten emakumeek izena emateko aukera dute. Guztira bost ikastaro eskainiko dituzte. 

Lumaitik-Herriak elkarteko Cony Carranza Castrok eta Emilia Larrondok 'Arrazakeria eta afektu-sareak' saioa eskainiko dute urriaren 7an; indarkeria matxista eta arrazisten aurkako defentsari buruz hausnartuko dute bertan. Urriaren 9an, ostera, 'Elorrixo, ez orixo ez petrolixo!?' ikastaroa eskainiko du Josune Aranguren Zatika Elorrioko kultur teknikariak; tokiko historiak eta ingurune sozioekonomikoak emakumeen nortasuna nola zeharkatzen duen aztertuko da. Bestalde, Ana Oceja Uribe brikolaje eta etxeko konponketetan adituak zazpi saio eskainiko ditu. 

Silvia Formentí Debaterrek produktu kosmetikoak aztertuko ditu 'Ekarri zure nezeserra' osatzen duten hiru saioetan. Bestetik, Maddi Loiti Mendizabalek, urriaren 26tik aurrera, Shibari dantza teknika artistiko-erotikoari hurbilketa egingo du. 

Aipatutako jarduerez gainera, bestelako dinamikak ere ipiniko dituzte martxan. Adibidez, emakume migratuek euskara edo erdara ikasteko espazio bana izango dute eskura; Emakumeen arteko Sostengu Taldea berriro martxan jarriko da, baita ere. Maite Blanco psikologoak banakako eta taldeko saioak eskainiko ditu emakumeen arteko behar pertsonaletan eta ahizpatasunean oinarritutako sareak berriro martxa hartzeko.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!