Zesta-punta Elorrion, zaletasuna piztu guran

Anboto 2024ko ira. 6a, 13:00

Aurtengo Elorrioko Ferixa Nausikoak nobedade bategaz datoz euskal pilota arloan. Elorrioko Hori Hori eta Durangoko Durango Jai Alai pilota klubek emakumeen kalitatezko zesta-punta partidu bat antolatu dute; momentu honetan elite mailan puntan dabiltzan zestalariak batuko dituzte. Elorriok gaur egun baino hartu-eman estuagoa izan du zesta-puntagaz iraganean, eta ekimena lehenengo harria izan daiteke lotura hura berreskuratzeko. Jaialdirako sarrera doakoa da. 

Zesta-punta partidua domekan izango da, 17:00etan, Hilario Azkarate pilotalekuan. Laukoteko protagonistetariko bat Helena Barrenetxea durangarra da. 16 urteko aurrelariak Laia Zabala markinarra izango du bizkarzain. Biek Mutrikuko bikote bat izango dute aurkari, Ane Elezgaraik eta Naroa Merinok osaturikoa, hain zuzen ere. 

Elorriokoa Durangokoa baino frontoi laburragoa da. 36 metro luze da, hamar koadro pasatxokoa. Beraz, pilotak neurri horretarako bereziak izango dira, ohikoak baino motelagoak. Azken urteetan geroago eta gehiagotan ikusten dira erremintako pilota modalitateak (zesta-punta, erremontea eta pala) frontoi motzean, eta emaitza positiboa izan da. Beraz, ikuskizuna "segurtatuta" dagoela esan dute antolatzaileek.  

Zesta-punta jaialdia pilotalekura gazteak zein helduak erakartzeko amu modura erabiliko dute antolatzaileek.Partidu nagusiaren aurretik, 16:00etan, ateak zabaltzeko saio bat egingo dute. Bertan, irakasle baten laguntzagaz, bertaratzen direnek lehenengo hartu-emana izango dute zesta-puntagaz.  

Hartu-eman historikoa
Gaur egun zesta-puntak ez du indarrik Elorrion, baina atzera begira jarrita, zestalari profesional bat baino gehiago eman duen herria da. Horren adibide da Aniceto Sagastizabal, mundu osoan (AEB, Mexiko, Italia…) aritutako puntista, 1960 eta 1980. urteen artean. 

Victor María Bereikua da beste adibide bat, Markinan hezi baina Elorrion jaio zen pilotaria. 'Elorrio' izenagaz jokatu zuen kirol bizitza osoan, bere jaioterriaren omenez. Hiru hamarkada eman zituen Ameriketako Estatu Batuetan, 1972tik 2002ra. Denbora horretan, zesta-puntaren urrezko aroa bizi izan zuen sasoiko izarrik handienetarikoa izan zen Tampako (Florida) eta Hartford (Conncecticut) Jai Alai (Miami) pilotalekuetan, besteak beste. Kantxatik kanpora ere fama hartu zuen, honako honengaitik: 1984tik 1989ra NBC eta USA Network telebista kanaletan eman zuten Miami Vice telesail ezaguneko sarrerako abestian ageri da, partidu batean. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!