Sukalki Egunak aurten ere ez du hutsik egingo

Aritz Maldonado 2024ko ira. 5a, 13:00

Irailaren 7an, zapatua, Sukalki Egunaren XXVII. edizioa izango da; ehunka lagun batuko da Aldatsekuan saria irabazi eta giroaz gozatzeko asmoagaz. Irabazleek 150 euroko saria, garaikurra eta txapela eramango dituzte; partaideei garaikurrak banatuko dizkiete. 

Elorrioko Ferixa Nausikoetako ekitaldirik garrantzitsuenetariko bat bigarren asteburuan egiten den Sukalki Eguna da. Aurtengoa irailaren 7an izango da, zapatuagaz. Askorentzat jaietako egunik onena ere bada, batez ere su artean ibiltzea gustatzen zaienentzat. Horrela, behi okelagaz (hegala, zankarroia eta lepoaldea baino ez dira onartuko), patatagaz, saltsagaz (perretxikorik ezingo da erabaili, soilik tipula, porrua, piperra, berakatza, tomatea, ilarra eta azenarioa), ardoagaz eta likoreekin, kazolarik onena nork prestatu arituko dira goizean. Parte hartzaileen artean garaikurrak banatuko dituzte eta hiru kazolarik onenak sarituko dituzte. Irabazleak 150 euro eta txapela jasoko ditu, bigarrenak 120 euro, eta hirugarrenak 90 euro. Iaz Trebeak kuadrilla izan zen irabazlea. Antolatzaileen esanetan, sukaldaritzako profesionalek osatuko dute epaimahaia, betiko moduan.

Ohikoa den moduan, aurretik ezingo da erreserbarik egin sukalkian parte hartzeko; beraz, parte hartzaileek 08:00etatik 10:00etara bitartean eman beharko dute izena. Antolatzaileek gogoratu dute kazola bakarra aurkeztu daitekeela izen emate bakoitzeko. Horrez gainera, parte hartzaileei azpimaratu gura diete sukalkia "haragi gisatuko kazolen lehiaketa" dela, eta, beraz, lehiatzeko asmorik ez dutenek beste errezeta batzuk egiteak "lehiaketa desitxuratu" egiten dutela. Kazolak 13:30erako aurkeztu beharko dira. 

Jaitsiera
Sukalkiaren ondoren, kuadrillek karrozen jaitsiera egingo dute Aldatsekuatik herriko plazara, eta festak erdiguneko kaleetan zehar jarraituko du. Jaietako jaitsiera bakarra izan ez arren —irailaren 2an ere egiten da, kuadrillen egunean—, hau bereziagoa izaten da, elorriarrek mozorrotuta eta karroza artean egiten dutelako.  

Oraindino indarra dutenentzat, domekan, irailak 8, egongo da zer egin. Besteak beste, Kanpokalen Elorrioko Kolore eta Zaporeak azoka egongo da, Kainabera GKEk antolatuta.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!