Elorrioko etorkizuneko hirigintza aztertuko dute berbaldi eta tailer sorta batekin

Ekaitz Herrera 2024ko ira. 2a, 08:00

Irailaren 11n berbaldi bat egingo dute Plan Orokor berriaren Aurrerapena eta Hirigintzari loturiko ahalduntzea lantzeko. Hilaren 17an eta 24 tailer bi egingo dituzte Plan Orokor berriaren helburuak zehaztu eta lehenesteko.

Elorrioko Udalak fase berri bat zabaldu du Hiri Antolamendurako Plan Orokorra (HAPO) garatzen jarraitzeko. Saio parte hartzaile batzuk antolatu dituzte herritarrei proiektuaren irizpideak, helburuak eta alternatibak azaltzeko. Irailaren 11n jendaurreko berbaldia egingo dute Iturri Kultur Etxean. Bigarren fasearen nondik norakoak azalduko dituzte, HAPOaren Aurrerapenaren idazketa eta Hirigintzari buruzko ahalduntzea landuta. Berbaldia 18:00etan izango da. Bestalde, irailaren 17an eta 24an tailer bi egingo dituzte. HAPO berrirako irizpideak eta helburuak zehaztuko dituzte. Honako hauek ere Iturri Kultur Etxean egingo dira, 18:00etan.

Bertaratzeko aukerarik izan ez, baina interesa duten herritarrek, internet bidez ere parte hartu ahalko dute HAPO berriaren lanketan (www.hapo-elorrio.eus). Udalak aurreratu duenez, urrian antzera bateko tailer eta berbaldi gehiago egingo dituzte, Plan Orokor berria garatzen joateko.

Elorrion indarrean dagoen HAPOa 2011koa da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!