Ferixa Nausikoak

"Jaietako txupinazoa jaurtitzea ohorea da guretzat"

Anboto 2024ko abu. 29a, 19:20

Gontzal Arana eta David Narbaiza Elorrioko udaletxeko balkoian Maite Blancok diseinatutako jaietako kartelagaz.

Norberaren herrian txupinazoa botatzea gauza handia izaten da bertako elkarte zein norbanakoentzat. Aurtengo Ferixa Nausikoetan, Elorrio Futbol Taldeak piztuko du txupina eta irakurriko du pregoia. Taldeak mendeurrena ospatu du eta ibilbide oparo horren errekonozimendu legez jaiei hasiera emango diete udaletxeko balkoitik. Gontzal Arana Eriz (Elorrio, 1984) eta David Narbaiza Petreli (Elorrio, 2002) Elorrio Futbol Taldeko kideak dira.

Zelan hartu duzue txupinazoa botatzeko gonbidapena?
Gontzal Arana: Guretzat jaietako txupinazoa jaurtitzea ohorea da. Gehienok Elorriokoak gara eta, elorriar modura, guretzat oso inportantea eta polita da taldeak 100 urte bete izana, baita aukera hau eman izana ere. Udaletxeko balkoian poz hori konpartitzen ahaleginduko gara.

Aurtengoak jai bereziak izango dira zuentzat?
David Narbaiza: Futbolak rol garrantzitsua betetzen du Elorrion. Herriko gazte eta haur asko futbolean dabiltza. Horregaitik, txupinazoa botata aurten jai bereziak izango dira guretzat.

Zelan bizi izan duzue 100. urteurrena?
D.N..: Hasieran ez nekien urteurrena zenik ere. Datorren urtean zela pentsatzen nuen, atera kontuak! Gure etxeko partiduen aurretik ekitaldi xume batzuk antolatu ditugu Elorrioko historian zehar izan ditugun jokalari, presidente eta zuzendaritza taldeetako pertsonak aurkezteko. Hartara, hainbat pertsona ezagutzeko aukera izan dugu.
G.A.: Partidu bereziak ere antolatu ditugu, beste urte batzuetan jokatu izan ez ditugunak. Argazkien erakusketa ere antolatu dugu, eta tabernetan ere klubeko urteetako argazkiak ikusi daitezke. Igartzen da ezohiko urtea dela. Horretarako, zuzendaritza taldeak eta beste pertsona batzuek lantaldea sortu dute eta lan polita egiten dabiltza.

Zein ibilbide egin duzue Elorrio Futbol Taldearen barruan?
G.A.: Kadeteetan hasi nintzen jokatzen. 28 urtera arte lehenengo taldean jokatu nuen. Hirugarren Mailatik Ohorezko Mailara pasatzea lortu genuen. Maila horretan urtebete jokatu eta utzi egin nuen. Hurrengo urtean neskak entrenatzen hasi nintzen, eta gaur arte. Hile batzuetako geldialdi bat izan nuen, baina gero bueltatu egin nintzen eta gaur egun Euskal Ligako neska taldea entrenatzen nabil.
D.N: Sei urtegaz hasi nintzen Elorrion jokatzen, eta hortik aurrera hiru kategoria igoera bizi izan ditut. 17-18 urtegaz lehenengo taldeagaz jokatzeko aukera izan nuen.

Lehenengo taldean jokatzeak zer suposatu zuen zuretzat?
D.N: Neure ametsa bete nuen. Lau urte daramatzat taldean, eta aurten kapitainetariko bat naiz.

Zuen bion bizitzetan, Elorrio Futbol Taldeak leku handi bat betetzen du. Zer eman dizue klubak?
G.A.: Nik uste dut mundu guztiak probatu beharko lukeela kirol batean talde lanean aritzen. David orain jokatzen dabil, eta nik ere urte asko egin nuen jokalari. Futbola uzten duzunean ikusten duzu zer eman dizun. Zenbat lagun eman dizun, esate baterako. Aldageletako arau batzuk errespetatu behar dira, taldean lan egin behar da, egunero jendeagaz elkarbizitza lantzeko aukera ematen du... Niretzat oso aberasgarria da. Horregaitik, jendea edozein talde kirol egitera gonbidatuko nuke, balio asko ikasten delako.
D.N.: Norberaren burua zein taldekideena garatzeko aukera eman dit. Beste familia txiki bat dela esango nuke. Ia egunero egoten naiz eurekin. Denok elorriarrak izanda, aukera ematen digu kalean ere elkarregaz egoteko eta beste kuadrilla bat edukitzeko.

Momentu honetan, Elorrio Futbol Taldea sasoi onean dago?
G.A.: Orokorrean oso ondo dagoela esango nuke. Egitura sendoa du oinarrian, eta ume asko dago parte hartzen, geroago eta gehiago. Mundu guztia zelaian sartzea arazoa izaten da leku aldetik. Txiki geratzen dabil.

Beraz, harrobia sendo dago.
G.A.: Bai, futbolak asko tiratzen du. Neskak txikitatik hasi dira jokatzen, eta han ibiltzen garenean zelaia beterik ikusten dugu.
D.N.: Loretzeko bidean dagoela uste dut. Geroago eta ume gehiago ikusten dugu, neska zein mutil, eta ilusio handia duen kluba da.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!