Ferixa Nausikoak

Elektronika jaialdia Elorrion, Dantz Pointegaz

Aritz Maldonado 2024ko abu. 29a, 10:11

Dantz Point Donostiako Aieten

Dantz Point musika elektronikoaren topagunea Elorriora helduko da bihar, barikua. Gisa, BRGS eta Elena Barker musika jartzaileek dantzan ipiniko dute Ganondo parkea; Irailaren 14an Durangon egingo dute bigarren geldialdia.

Euskal herrian musika elektronikoaren alorrean erreferentziazko bihurtu den Dantz Point egitasmoak Elorrion egingo du hurrengo geldialdia, bihar, barikua. 18:00etan hasita, hiru saio egongo dira 00:00ak bitartean: Gisa, BRGS eta Elena Barker.

Dantz Point egitasmoa 2019an jaio zen, musika elektronikoaren eta abangoardiakoaren balioa nabarmentzeko asmoagaz. Gipuzkoan eman ditu lehenengo urratsak, eta aurten Bizkaira ailegatu da. Aurreko astean Ondarroan egon zen, eta bihar Elorrio izango da elektronika zaleen topagunea. "Dantz Pointera doazenek inguru bakar honetaz gozatzeko aukera izango dute; parkea herriko birika da, Elorrioko Alde Zaharra atzean duela, eta bertako ondare historikoaren ikuspegi panoramikoa eskaintzen du. Testuinguru horretan, lurraldeko artisten doinuek parkea topaleku bihurtuko dute", azaldu dute antolatzaileek ohar baten bitartez.

Barker, Madrildik

Guztira, hiru saiok osatuko dute biharko programazioa. Lander Gisasola 'Gisa' bilbotarra hasiko da; Suiziri taldeko sortzailetariko bat da bera, eta, besteak beste, Chicagoko house eta Erresuma Batuko italo, funk eta breakbeat doinuetara hurreratuko da entzuleak dantzan ipintzeko. Ondoren, Iban Borgas BRGS aretxabaletarrak hartuko du lekukoa. Hamabi urte daramatza diskoak hautatzen, biltzen eta erreproduzitzen; electro tech minimal eta acid doinuetara hurbiltzen da gipuzkoarra, batez ere, eta Gabela Parti TV eta Ezkutu Dance Club proiektuen sustatzailea ere bada. Elena Barker Bilbon bizi den madrildarrak amaituko du egitaraua. Synthetika Kolektiboko DJ egoiliarra da, eta, besteak beste, Berlinen, Seulen, Madrilen eta Donostian egon da musika ipintzen. Antolatzaileen esanetan, generoen fusioa da bere ezaugarri nagusia, eta erritmo hautsien, technoaren eta trance iturrietatik edaten du. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!