Aurten ez dituzte Elorrioko San Agustingo jaiak antolatuko

Anboto 2024ko abu. 19a, 11:03

“Nekatuta, motibazio eta itxaropen gutxirekin gaude laguntza faltagatik”, azaldu dute Elorrioko San Agustin auzoko Olazar elkarteko kideek aurten ez dutela jairik antolatuko. 

Olazar elkarteko kideen arabera, auzoak ez du azpiegitura nahikoa antolatu ohi dituzten ekitaldiak egiteko, besteak beste, auzoko jaiak edota Ogibide Azoka; dokumentazioa landu eta gordetzeko ere arazoak dituztela salatu dute. “Orain arte auzokideon etxe partikularretan eta apaiz-etxean banatuta ditugu”, azpimarratu dute. Hori dela eta, auzorako “espazio” bat eskatu dute, aurretik egin duten bezala. “Azken 25 urteetan hainbat proiektu egon dira mahai gainean San Agustin auzoak espazio bat edukitzeko Elorrioko herrikide guztientzako erabilera publikoa izan dezakeena. Udal gobernu talde desberdinek baztertu egin dituzte aurreko taldeek egindako proiektuak, eta beste batzuk denboran gehiegi luzatu dira eta ez dira gauzatu… Guzti honek diru eta lan gastu handia suposatu du gaur egun proiektu bakarra ere ez egoteko martxan. Benetan frustragarria da bizi dugun egoera”, salatu dute. “Eta horrela jarraituko dugu, noiz arte?”, galdetu dute ohar baten bidez. 
Aurten, beraz, jairik ez antolatzea erabaki dute Olazar elkarteko kideek. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!