Espainiako selekzioarekin jokatu duten bi jokalarien kontrako pintaketek zeresana sortu dute Elorrion

Anboto 2024ko uzt. 15a, 20:45

Pintaketek oihartzun handia izan dute Espainiar estatuko hedabideetan. Bestalde, egunotan ez dira gutxi izan euskal selekzioaren aldeko aldarriak.

Espainiako gizonezkoen futbol selekzioak Eurokopa irabazi zuen atzo Ingalaterraren kontra, eta, gaur, estatu horretako hedabideetan lorpen hori da albiste nagusi. 

Espainiako selekzioak Eurokopan egindako bidea ez da Durangaldetik oharkabean igaro, eta haren inguruko zeresana Elorrion islatu da egunotan, besteak beste. Ezezagunek selekzioarekin jokatu duten Mikel Merinoren eta Mikel Oyarzabalen kontrako pintaketak egin dituzte, jokalari biak "traidoreak" direla adierazita (Jokalari biek Realean jokatzen dute, eta Oyarzabalek sarturiko bigarren golari eskerrak Espainiako selekzioak garaipena lortu zuen). Pintaketek egundoko oihartzuna izan dute Espainiako hedabide nagusietan.

Edozelan ere, egunotan ez dira gutxi izan Euskal Herriko luze zabalean euskal selekzioaren aldeko aldarriekin agertutako mezuak eta pankartak. Elorrioko elizpean, besteak beste, honakoa dioen pankarta dago egunotan: Espainiar selekzioaren asimilazioari ez! Gurea, euskal selekzioa. 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!