Abuztuaren 31ko txupinazoagaz hasiko dituzte Ferixa Nausikoak Elorrion. 100 urte bete dituen Elorrio Futbol Taldea izango da pregoilaria. "Oso polita da taldeak 100 urte egin izana eta poztasun hori denekin konpartitzeko aukera izatea", azaldu du Gontzal Arana taldeko entrenatzaileak.
Jaietako egitarauari dagokionez, 80 ekitalditik gora aurreikusi dituzte. Antolaketa horretan, kultur eta kirol eragileen parte hartzea nabarmendu du Itsaso Basauri kultur zinegotziak. Kontzertu eta kale ikuskizun ugarik girotuko dituzte jaiak.
Bestalde, irailaren 8ko bertso saioaren ondoren, Aukeran dantza konpainiak ikuskizuna taularatuko du plazan. Eta jaiei izena ematen dien Ferixa Nausiak 20 artisau eta 45 nekazari eta ekoizle batuko ditu. Txosnaguneari dagokionez, egitarau propioa prestatzen du Elorrion. Aurtengo kartelburuak Unidad Alavesa eta Nogen taldeak izango dira.
Aurtengo jaietako aurrekontua 200.000 eurokoa izango da, iazkoa baino 30.000 euro gehiago. Partida handiena ikuskizunetara bideratu dute.
Udal arduradunek azpimarratu dutenez, eraso matxista eta arrazisten inguruko prebentzio kanpaina martxan izango da jaietan. Hartara, bi dinamizatzaile more kaleetan zehar ibiliko dira informazioa zabaltzen, Julene Lazkano alkateak azaldu duenez.
Kartel irabazlea
Maite Blanco elorriarrak irabazi du aurtengo jaietako kartel lehiaketa (ezin izan da prentsaurrekora joan). ANBOTOk ematen duen 500 euroko saria jaso du Blancok. Guztira, 21 proposamen aurkeztu dituzte lehiaketara, inoiz baino kartel proposamen gehiago Jone Guenetxea ANBOTOko zuzendariak azaldu duenez.