Elorrioko Udalak legegintzaldi honetan bertan ipini gura du funtzionamenduan Kurutziagako biribilgune berria. Hori bai. Obra bukatu arteko tartean, hainbat pauso eman beharko dituzte. Hasteko proiektuaren oinarria eta exekuzio-proiektua aurkeztu beharko dituzte. Gero, finantzaketa bideak lortzeko prozesua hasiko da. Horren ostean, obrak lizitaziora aterako dituzte, eta, azkenik, obra bera gauzatuko dute. Udal iturriek jakinarazi dutenez, bidegurutzean "ezin da miraririk egin", baina, aurreratu dutenez, kamioi handiek eta autobusek ziurtatuta izango dute maniobrak egin ahal izateko tartea. 26 metroko diametroa duen biribilgunea diseinatu dute horretarako. Hori dela eta, errotondak leku pixka bat hartuko dio Aldatsekuaren aurrealdeari. Lorategi eremua berrantolatu egin beharko dela jakinarazi du udalak. Obretan egingo dituzten beste esku hartze batzuk espaloiak eta errepidea maila berean ipintzea izango da. Zoladura berezi bat erabiliko dute horretarako. Bestalde, Elizburu, Ibaikua eta Urkizuaran kaleetako espaloiak erabat berrituko dituzte.
Kurutziagako biribilgunearen proiektuarekin, udalak irtenbidea eman gura dio udalerriko zirkulazio arazo garrantzitsu bati. Maria Herrero hirigintza zinegotziak azaldu duenez, tamaina eta aurrekontu handiko proiektua da. Horren ondorioz, bidea luzea izango da. Baina, edozelan ere, biribilgunea errealitate bihurtzeko asmoa berretsi du.