Gontzal Murgoitio zilarrezko eta brontzezko domina banarekin itzuli da Munduko Txapelketatik

Anboto 2024ko uzt. 1a, 15:54

Gontzal Murgoitio ezkerreko aldean, zilarrezko dominarekin. Erdian, Edgar Dumas txapelduna. Eskuman, Ludovic Fernandez frantziarra, hirugarren sailkatua.

Mendiko korrikalari elorriarrak mendiko lasterketen eta kilometro bertikalen munduko txapelketa lehiatu du 23 urtez azpiko mailan, Montenegron.

Gontzal Murgoitiok (Elorrio, 2001) asteburuan lehiatu du azkeneko bider 23 urtez azpiko munduko txapelketa. Domina batekin itxi gura zuen bere bizitzako etapa hau eta helburua bete du. Zilarrezko domina irabazi du mendi lasterketan. Kilometro bertikalean, berriz, podiumaren atarian geratu da: laugarren. Proba biak konbinatuta egiten den sailkapenean hirugarren geratu da: brontzezko domina.

Murgoitio "oso gustura" dago egindako lanarekin. Preskuntza gogorraren saria izan da. "Inoiz baino gehiago zaindu eta entrenatu naiz", dio.

Aurtengoa hirugarren munduko txapelketa izan du eta berea eman duela uste du, aurreko bietan ez bezala. 2021ean laugarren izan zen bertikalean, bosgarren mendi lasterketan eta hirugarren —brontzezko domina— konbinatuan. Postu oso onak dira, baina errendimendu aldetik ez zen asebeteta geratu orduan.

Mendi lasterketa, poza eta sufrimendua

Domekako mendi lasterketari ordu eta laurdeneko igoera luzeagaz ekin zioten, baina benetako sufrimendua goian hasi zen, lau-bost kilometroko gailurreria teknikoarekin. Lasterketa gailurrerian erabaki zitekeela jakitun, Murgoitiok bertan erabili zituen ordura arte gordetako indarrak, oso emaitza onarekin: seigarren postutik lidertzara pasatu zen.

Baina ahaleginak bere ondorioak izan zituen. Muskularki "desgaste handia" izan zuen eta azken kilometroetara "akituta" heldu zen. "Bero itzela egiten zuen gainera, 35 bat gradu". Horrela, orpoz-orpo zeraman Edgar Dumas frantziarrak aurreratu egin zuen azken txanpan.

Dominaren poza eta lasterketaren nekea ez ditu berehalakoan ahaztuko. "Mendiko lasterketa batean sekula ez bezala sufritu nuen.

Kilometro bertikala

Kilometro bertikalean podiuma bederatzi segundora geratu zitzaion Murgoitiori; eta bigarren postua, 25 segundora bakarrik. Probako zati handi batean bigarren joan ostean, azken txanpan postu bi galdu zituen. "Eurek indarra hobeto erregulatu zutela uste dut. Nik azken txanpan beherakada bat eman nuen. Hor joan zen podiuma", gogoratu du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!