"Orain arte egin dugun desafiorik osatuena izango da Argiñetakoa"

Aitziber Basauri 2024ko eka. 28a, 11:00

Elorrioren eta Beasainen arteko herri kirol desafioa egingo dute, ekainaren 29an, Argiñetan; 
norgehiagoka 12:30ean hasiko da eta Ibai Lopez eta Paul Uriarte elorriarrak lehiatuko dira.

Ibai Lopezek eta Paul Uriartek errugbiagaz batera uztartzen dituzte herri kirolak, eta bihar hitzordu berezia dute Argiñetan: lagun arteko herri kirol erronka. 90 kiloko bolagaz 60 altxaldi, 50 kiloko txingak eroatea (400 metro), aizkoragaz enborra moztea, eta ermitari eta iturriari zortzi buelta ematea korrika. Horretxek egin beharreko lanak. Zazpiko taldetan jardungo dute, herri kirolak ezagutaraztea helburu duen erakustaldian. 

Zelan sortu zen erronka? 

Paul Uriarte: Lehenengo desafioa iaz egin genuen, Elorrioko jaietan, geure artean. Ander Zengotita eta biok Mikel Zenitagoiaren eta Aimar Ardanzaren kontra aritu ginen. Eta Gabonetan Beasaingo lagun biren kontra egin genuen, orduan ere Anderrek eta biok. Biharkoa errebantxa moduko bat da, baina oraingoan zazpiko taldetan batuko gara. Orain arte egin dugun erronkarik osatuena izango da. 

Denbora asko daramazue prestatzen?

Ibai Lopez: Hilabete inguru izango da. Argiñetan batzen gara normalean. Bestela, Mikelen baserrian, materiala hantxe dugu eta. Apur bat denerik egiten dugu; harriagaz altxaldi batzuk egin eta gero, aizkora hartzen dugu, eta gero korrika egiten dugu. Ahal dugunean batzen gara.

P.U.: Norbera bere kabuz entrenatzen da harriagaz, txingekin eta korrika. Aizkoran bi-hiru elkartzen garenean egiten dugu. 

Egunerokoan ere aritzen zarete herri kiroletan?

I.L.: Bai. Bizkaiko eta Euskadiko Herri Kirol txapelketetan parte hartzen dut, orain urte bitik hona. Ingudea altxatzen eta orga-jokoan lehiatzen naiz. Horrez gainera, urtarrilean giza proba txapelketa egin genuen Gazetan. Azaroan, sailkapen proban nagusitutako lehenengo bostak aritu ginen; 10 izan ginen. 

P.U. Ni ere oraintxe hasi naiz txapelketa ofizialetan parte hartzen; orga-jasotzen ibiltzen naiz. Harria jasotzen denbora gehiago daramat.

Zelan ikusten dituzue aurkariak? Baduzue aukerarik irabazteko?

I.L.: Taldean arituko gara, proba guztiak egiten ditugu denok. Bada, baliteke baten batek harria jasotzen aizkoran baino hobeto jardutea... horrek taldea orekatu edo desorekatu egin dezake. Ez dago jakiterik! Baina irabaztera goaz. Gainera, etxean jokatzen dugu.

P.U.: Bai. Batzuk ezagutzen ditugu. Baina zazpiko taldea da eta ez dugu denen gaitasuna ezagutzen.

Ikustera jende asko joatea espero duzue?

I.L.: Bai! Gazetako gizon probetara jende mordoa joan zen, euria polito bota arren. Argiñetara ere jende asko joatea espero dugu. Ea eguraldiak laguntzen duen. Ikuskizun handia izango da eta jendea etortzera animatu gura dugu.

P.U.: Trikitilariak eta musika ere egongo dira. Eta gauean kontzertua.

Egongo da erronka gehiago aurrerantzean?

P.U: Jakina.

I.L.  Argiñetako jaietan harri baldar bategaz txapelketa antolatzea dugu pentsatuta, Elorrioko jendeagaz. Gainera, Arrazolatik ere gonbidatu gaituzte, erakustaldi bat egiteko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!