Elorrioko Udalak gogor salatu du bart herrian gertaturiko eraso arrazista eta matxista. Ezezagunek Zatoz Gurekin programaren baitako horma irudi bati egin diote eraso. Irudia herriko emakumeek elkarlanean egindako olana da, besteak beste, mundu zabaleko kulturak balioan ipintzeko eta emakumeen presentzia azpimarratzeko asmoz egindakoa. Artelana joan zen eguenean zintzilikatu zuten frontoiaren kanpoaldeko hormetako batean. Gaur, baina, olana bere lekutik erauzita eta aldameneko eraikin osagarri baten teilatu gainean agertu da botata.
Udalak gogor salatu du ekintza bandalikoa, eta iragarri duenez, ofiziozko salaketa ipini du erasoan gorroto-delitua egon daitekeela iritzita. "[Zatoz Gurekin] Proiektu honek harrotasunez betetzen gaitu, besteak beste, guztiok guztiongandik ikasten dugulako; Elorrioko biztanleen arteko elkarbizitza hobetzen duelako; munduko kulturei balioa ematen dielako; emakumeok protagonismoa hartzen dugulako", adierazi du udalak. Zatoz Gurekin proiektuan gaztelania ikasteko eta munduko hainbat herrialdetatik Elorriora bizitzera joandako emakumeen bizitza hobetzeko proiektuak lantzen dituzte. Egitasmoa Zabaltzen-Sartu erakundeak dinamizatzen du.
Erasoaren harira, udalak berretsi du ez duela ezelako eraso arrazistarik eta matxistarik onartzen. Are gehiago, proiektuan esku hartzen duen emakume bakoitzaren lana aitortu du.
Horma irudia frontoiko hormetako batean ipini zuten joan zen eguenean. Baina ezezagunek kendu egin dute bart.
Horma irudia frontoiaren aldameneko eraikin osagarrian agertu da botata, teilatu gainean.