Besaide Band elorriarrek Kepa Junkeraren omenez egingo duten 'Anbototik Gorbeiara' emanaldian parte hartuko dute

Anboto 2024ko eka. 17a, 11:51

Elorrioko eta Arratiako musika eskolek Anbototik Gorbeiara bidaia musikala antolatu dute zapaturako. Kepa Junkeraren omenezko emanaldian, besteak beste, Elorrioko Besaide Band, Arratiako Gorbeia Ensemble taldeak, Aitzol Atutxa aizkolariak eta Nerea Zuloaga sortzaileak parte hartuko dute. 

Lehen edizio hau Igorreko Lasarte aretoan egingo dute, hilaren 22an. Bigarrena, ostera, Elorrion egingo dute, Gorbeiatik Anbotora izenagaz. "Parte hartuko duten musika eskoletako ehundik gora ikasle gazteei erronka berriak proposatu gura dizkiegu, adibidez, ikuskizun profesional bat nola burutzen den bizitzea, eta berau prestatzeko egin beharreko aurreko lan guztia ezagutzea", azaldu dute antolatzaileek. "Lehen edizio honetan Kepa Junkera omendu nahi da, eta bertan presente egongo da. Izan ere, Zeanuriko trikitixa txapelketa irabazteaz gain, Arratian trikia irakasten ere urteak eman zituen eta maitasun berezia dio bailarari", gehitu dute. 

Ekainaren 22an bi saio egingo dira, eta gonbidapenak parte hartzaile eta musika eskolako ikasleen artean banatuko dira. Hala ere, "lekua balego", gonbidapenak jaso ditzateke interesa dutenek. "Horren berri, musika eskolaren webgunean emango litzateke jakitera". 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!