Erakusketa eta zigilu-marka berezia, Elorrio futbol taldearen 100. urteurrena ospatzeko

Anboto 2024ko eka. 11a, 11:32

Correos-en astelehenean zigilatuko duten txartel filatelikoa.

Elorrioko Filatélica eta Numismática elkarteak bat egin du Elorrio futbol taldeko mendeurren ospakizunarekin.

Ekainaren 17tik 29ra Iturri kultur etxean irekiko duten erakusketak futbola izango du oinarri. Erakusketaren inaugurazio-ekitaldia astelehenean, 13:00etan, izango da kultur etxean bertan.

Erakusketan, filateliari eskainitako gunean, hiru bilduma egongo dira ikusgai: Dani Solis aguraindarraren Futbolaren Historia; Roberto Murga barakaldarraren 1982ko munduko futbol txapelketaren atzera begirako erakusketa eta Antonio Vicente irundarraren El Deporte y los Franqueos Mecánicos bilduma.

Elorrio Kirol Elkartearen mendeurrenari eskainitako eremuan mota askotako argazki zaharrak erakutsiko dira: futbol-zelaiarenak, jokalarienak, garaikurrak, gazteen taldeak… Banderatxoak, intsigniak eta futbolari lotutako beste elementu batzuk ere egongo dira, elkarteko kideek ohar batean informatu dutenez.

Erakusketa bestelako bildumekin osatuko dute: Bizkaiko kluben ezkutuak, futbolaren inguruko egutegi zahar eta modernoak, mendeurrena bete duten kluben sobre eta zigiluak, 40ko hamarkadako intsigniak…

Azkenik, Ernesto Díazen minifutbol erakusketa berezi bat ikusi ahal izango da, 50eko hamarkadako umeen beste futbola izenburupean, 1954ko materialarekin.

Zigilu-marka berezia

Filatelia elkarteak mendeurrenari egingo dion ekarpena ez da erakusketara mugatuko. Klubaren mendeurrena oinarri duten zigilu, zigilu-marka eta posta-txartel bana aterako ditu. Datorren astelehen goizean, erakusketa irekitzen den egunean, Correoseko langileek elementu horiekin zigilatuko dute filatelia-materiala. Beraz, Estatuko askotariko txokoetara helduko da Elorrio futbol taldearen ospakizuna.

Erakusketaren inaugurazioak hainbat elkarte eta erakundetako ordezkariak batuko ditu: Elorrioko alkate Julene Lazkano, Euskadiko Filatelia Elkarteen Federazioko presidente Javier San Sebastian, Elorrio Kirol Elkarteko presidente Manuel Garcia eta Elorrioko Filatelia eta Numismatika Elkarteko presidente Dani Álvarez.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!