Berbalagun mintzapraktika egitasmoaren bidez sortu dute Elorrioko jostun elkartea; astero, hamasei lagun inguru batzen dira Iturri kultur etxean. "Asteazken arratsaldeetan elkartzen gara eta normalean hutsik egin gabe agertzen gara guztiok. Izan ere, oso ondo konpontzen gara, elkar lagunduaz", azaldu du Alicia Fondadok; taldean dauden bi euskara ikasleetako bat da Fondado. "Askotan esaten dute jostea zaharren kontua dela, baina nik terapia gisa ikusten dut, oso lasaigarria baita, eta doakoa! Nahikoa da orratza eta oihal bat edukitzea".