Mendi lasterketen eta kilometroko bertikalen Espainiako txapelketak irabazita, Gontzal Murgoitiok munduko txapelketa lehiatuko du laster

Anboto 2024ko eka. 5a, 11:11

Gontzal Murgoitio mendi lasterketen Espainiako txapelketan helmugara heltzen (Argazkia; Instagram, Gontzal Murgoitio)

Munduko txapelketa Montenegron izango da ekain amaieran.

Gontzal Murgoitiok (Elorrio, 2001) Durangaldeak duen kirolaririk onenetakoa dela erakutsi du beste behin. Hilabeteren barruan eta promesen mailan, mendi lasterketen eta kilometro bertikalen Espainiako txapelketak irabazi ditu Tarragonan eta Ezkarain, hurrenez hurren. Euskadiko selekzioarekin aritu da.

Urrezko bi domina horiei aurretik lortutakoak gehitu behar zaizkie. Guztira zazpi bider irabazi du Espainiako txapelketa hainbat mailatan. Esaterako, iaz kilometro bertikalena irabazi zuen eta orain urte bi mendi lasterketena.

Azkenengo garaipena Ezkaraikoa izan da, joan zen asteburuan lortutakoa. Tarragonan erakutsitako mailarekin eta aurkariak ondo ezagutzen zituela kontuan hartuta, irabazteko hautagaien artean ikusten zuen bere burua eta bai lortu ere, baina ez sufritu barik. Azken metroetan menderatu zuen Aniol Pujiula. Helmugan zortzi segundoko aldea bakarrik egon zen bien artean. Elorriarraren denbora honako hau izan zen: 49.43.

Munduko txapelketa

Ekain amaieran munduko txapelketan parte hartuko du, Montenegron. Ekainaren 28an kilometro bertikalean arituko da eta ekainaren 30ean mendi lasterketan. Sasoi "oso onean" dagoela dio eta aurrean ibiltzeko esperantza du. Mendi lasterketen ibilbidea ez datorkie txarto bere dohainei. "Gune teknikoak daude eta horietan ondo moldatzen naiz", dio 22 urteko elorriarrak.

(Argazkia: Juan A.)

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!