Elorrioko kiroldegiko langileek manifestazioa egingo dute ekainaren 10ean

Anboto 2024ko eka. 4a, 09:07

Elorrioko kiroldegiko langileek manifestaziora deitu dute datorren astelehenerako, ekainak 10. Mobilizazioa 10:30ean hasiko da, plazatik, eta Elizaldeko igerilekuetaraino joango dira. ELAk kaleratu duen ohar baten arabera, bertako langileek 17 hilabete daramatzate "lan baldintza duinak lortzeko" mobilizazioekin. Ohar berdinaren arabera, maiatzean sektoreko hitzarmena sinatu zuten LAB, CCOO eta UGT sindikatuek, ELAren ustetan, baina, hitzarmen horrek ez du "sektorea duintzeko behar adina" baldintza batzen. Honenbestez, Elorrioko kiroldegiko langileek hitzarmen propio bat lortu gura dutela azaldu du sindikatu abertzaleak. 

ELAren arabera, kiroldegiak 20 langile ditu, eta horietako bi baino ez daude lanaldi osora. Horrez gainera, horietatik 15 langileren hileko soldata ez da 1.000 eurora iristen, "askogatik". Horrez gainera, aurtengo udan Elizaldeko igerilekuetan bost soroslek beharrean, hiruk lan egingo dutela salatu du ELAk. "Orain arte ezetzak baino ez ditugu jaso, bai enpresaren aldetik, bai udalaren aldetik. Elorrioko Udal Kiroldegiko langileek baldintza duinak baino ez ditugu nahi. Ez dugu ulertzen zergatik garen Elorrioko Udal Zentro bakarra, 2024an egonda, oraindik udal plantilaren antzeko baldintzak edukitzetik urrun dagoena edo, gutxienez, gure soldatak urtez urte KPIarekin berrikusteko eskubidea ukatzen diguna, kontutan hartuta, gainera, gure soldatak zenbatekoak diren", gaineratu dute oharrean. 

Udalaren erantzuna

Elorrioko Udalak beste ohar baten bitartez erantzun du ELArena. Bertan dio maiatzaren 20an gehiengo sindikalak aurre-hitzarmena adostu ostean mobilizazioak herri askotan amaitu zirela, eta kiroldegiko langileek "sektoreko enpresa bategaz" dutela kontratua, ez direla, beraz, udal langileak. "Tokiko hitzarmena sinatu ezean mobilizazioekin jarraituko zutela jakinarazi ziguten", azaldu dute udal iturriek. Eskaria aztertzeko konpromisoa hartu du Elorrioko Udalak; ekainaren 4an bilera egin zuten bi aldeek. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!