Elorrioko Arrapaladan antzerki taldeak Abdukzioa, Ke barbaridad! antzezlan berria aurkeztuko du gaur. Estreinaldia etxean egingo dute, gainera, Arriola antzokian; izan ere, urteetan zehar hartu-eman estua garatu dute aretoagaz. "Bertan entseatzen dugu eta hainbat bider antzeztu dugu bertan", adierazi dute konpainiako kideek. Oraingo honetan, benetako gertaeretan oinarrituta dagoen lan bategaz datoz Maritzi Baseta, Karmele Ganboa, Maite Garcia eta Karmen Urizar antzezleak. Sonia Villamorrena da ideia, eta bera arduratu da taldea eta obra zuzentzeaz ere. Antzezlanak 1967tik gaur egunera jauzi egiten du, atzera eta aurrera, Marisolen bizitza kontatzeko. "Marisol gizarte atzerakoi eta sinesdun batean bizi da. Mundu horretatik ihes egin guran, mirari bila dabil; fedean topatzen ditu mirariak, eta baita beste dimentsio batzuetako gizarte aurrerakoietan ere", azaldu dute.