Azken hiru hamarkada hauetan ehunka lagun pasatu dira Elorrioko Intxorta aisialdi elkartetik, eta horiek guztiak zapatuan ospatuko duten urteurren jaira batzera gonbidatuta daude. Intxorta elkartearen sorreran aritu zen Pablo Larrea. Eta Manex Bilbao aisialdi taldeko begiralea izan da azken zazpi urteotan.
Zein helburugaz jaio zen Intxorta?
Pablo Larrea: Garai batean eskaut taldea zegoen herrian, elizaren bueltan sorturiko aisialdi taldea. Umezaroan horren bueltan ibiltzen ginen; geroago begirale ere bai. Baina abadea joan zenean taldea desegin egin zen, eta Bilbo urrunegi zegoen. Bada, geunden begiraleok elkartea sortzea erabaki genuen, aisialdi eskaintza ematen jarraitzeko. Euskara eta euskal kultura bultzatzeagaz batera, Euskal Herria ezagutzea genuen helburu.
Zenbat lagun batzen zineten?
P.L.: Zapatu arratsaldero ehun umetik gora batzen ginen, eta hilero pare bat irteera antolatzen genituen. Guztira,15-16 begirale egongo ginen. Mugimendu handia zegoen.
Sorreratik gaur egunera gorabeherak egongo ziren.
P.L.: Konpromiso bat hartu beharra dago. Eta lekukoa emateko ordua heltzen denean, zalantza sortzen da ea inork jarraituko ote duen. Baina belaunaldi berriek lekukoa hartu dute, bistakoa da. 35 urte egitea itzela da, eta erreleboa egotea pozgarria.
Manex Basabe: Konpromiso hori hartzea beharrezkoa da, bai. Batez ere, errelebo bat ziurtatzea. Urteek aurrera egin ahala, errelebo hori premiazkoa da aurrera egiteko. Gazteak gogotsu daude elkartean jarraitzeko eta begirale izateko, eta horrek asko pozten gaitu.
Zer izan da zuentzat Intxorta?
M.B.: Herriko hainbat jendegaz hartu-emana mantentzeko aukera eman dit. Eskolako betiko lagunak betidanik elkartu izan gara eta udako kanpaldiek egunero ikusten ez duzun beste jende bategaz egoteko aukera eta espazioa eman dizkidate. Oso aberasgarria da hori.
P.L.: Oporrak herritik kanpora pasatzeko aukera zen askorentzat. Garai batean ez zegoen gaur egungo aukerarik, ezta orain dagoen beste teknologiarik ere. Kanpamentuak antolatzeko, gurasoak eta begiraleak inplikatzen ziren. Begirale joatea izaten ziren nire oporrak.
Zergaitik da garrantzitsua aisialdi eskaintza bat egotea?
M.B.: Ume eta gazteen aisialdi esparruak oso digitalizatuta daude eta gurea aisialdi alternatibo lez ikusten dut, euskara oinarri duena eta beste esperientzia bat bizitzeko aukera ematen duena, aire zabalean. Neguko eta udako kanpamentuez gainera, zapaturo ekintzak antolatzen ditugu, eta aldiro irteeraren bat prestatzen ahalegintzen gara.
Aurrera begirako erronka?
M:L: Erreleboa dagoela ikusita, hori finkatzea. Etorkizun oparoa ikusten diot elkarteari. Eskertzen digute eginiko lana eta pozgarria da.
Egun osoko jaia duzue bihar.
M.B.: Eskulanak eta Tribuen Eguna izango ditugu goizean, eta, jarraian, herri bazkaria. Arratsalderako magoa, ekitaldia eta poteo girotua antolatu ditugu. Musikagaz amaituko dugu eguna.