"Gaur egun teknika handia dago; lehen indar basatia zen futbola"

Aitziber Basauri 2024ko api. 27a, 10:00

Elorrio Futbol Klubak 100 urte egiten ditu aurten eta Pedro Eriz (Elorrio, 1925) klubaren historia luze horretako parte izan da; jokalaria eta entrenatzailea izan zen, baita idazkaria ere 

Pedro Erizek hamar denboralditan jokatu zuen futbolean, erdiko aurrelari. Erregional Mailan hasi zuen ibilbidea, Amorebieta futbol taldeagaz. 1945/1946ko eta1946/1947ko taldeekin jokatu zuen, Bergarako futbol taldeak fitxatu zuen arte. Bergarako taldeagaz Preferente Mailan jokatu zuen, lau denboralditan. Azken urteak Elorrio Futbol Klubean egin zituen, 1951tik 1955era. Erizek 99 urte egin berri ditu eta gogoan ditu gaztetako hainbat pasadizo. 

Umetan San Roken ibiltzen zineten futbolean.
Bai, arbola artean. Koskortzean arbolak botatzea lortu genuen, udalaren baimenagaz. Eta kuadrilla arteko txapelketa jokatzen genuen. Lau talde ginen: Rayo, Umore Ona, Intxorta eta gurea, Tximista. Futbola, pilota eta bizikleta, horretxek genituen guk. 

Erdiko aurrelari izan zinen Amorebieta, Bergara eta Elorrio futbol taldeetan. Asko aldatu da futbola zuen sasoitik?
Gure sasoiko futbolak eta gaur egungoak ez dute batere zerikusirik. Orain, jokalariei zer egin behar duten eta nondik mugitu behar duten esaten zaie. Gaur egun teknika handia dago; lehen indar basatia zen futbola. Nik neuk ez neukan teknikarik, baina indarra bai. Pilotan hobeto ibiliko nintzen, baina futbola gustatzen zitzaidan. Eibarko Astelenan jokatu nuen nire lehenengo pilota partidua, igeltsero baten praka zuriekin, pilotari batek huts egin zuelako. Galdu egin genuen.

Amorebietan hasi zenuen ibilbidea.
Lagun bati fitxa egitera lagundu nion eta harek nik ere jokatzen nuela esan zien. Lehenengo entrenamendu haretan hiru gol sartu nituen. Hurrengo urtean anaiagaz joan nintzen fitxa egitera, bizikletan. 200 pezeta eman zizkidaten denboraldirako, diru asko orduan. Gero, Bergaran nengoela, probak egin nituen Realean, eta Harotik (Errioxa) ere deitu zidaten. Urtean 2.000 pezetatako fitxa eskaini zidaten Haron, eta hilero 950 pezeta. Baina hara joan behar nuen bizitzera.

Futboleko oinetakoak lotzea abentura bat zen orduan.
Bai, hanka ondo lotuta izaten genuen, behetik gora eta atzetik aurrera, bloke batean sartuta lez. Narruzko takoak gogor-gogorrak ziren eta untzeekin josten ziren. Amorebietan dutxak genituen, baina Bergaran errekara joaten ginen garbitzera. Geroago, 40 bat litroko bidoia erabiltzen genuen garbitzeko.

Bergarara bizikletan joaten zinen entrenatzera.
Hiru-lau bider joan nintzen. Elgetara heltzean, paparrean eta tripan egunkaria ipintzen nuen, eta heltzean futbol-zelaiaren ondoan zegoen baserriko emakumeari ematen nion arropa, sikatzen utzi zezan. Lau hasi ginen eta taxia ipintzen ziguten entrenatzera joateko, eguazten eta barikuetan. Baina gero bi baino ez ginen geratu, eta azkenean neu bakarrik, besteari sodadutza egiteko deitu zioten eta. Oñatira autobusean joaten nintzen, eta gero oinez Bergarara. 

Athleticzalea zara, ezta?
Bai, baina esango nuke fanatismo apur bat ere badagoela. Athleticzaletasuna sentitu egin behar da. Bestalde, futbolean indarra badagoen arren, jenio bizi apur bat behar da. Diru asko mugitzen da eta hankak zaindu egin behar dira. Dena dela, inoren aurretik Elorriozalea naiz. Baina asko sufritzen dut ilobak ikusita, eta ez naiz partiduetara joaten.

Zein zenuen idolo zuen sasoian? 
Futbolean Zarra, eta pilotan Atano VII.a. Futbolari on asko dago orain eta gazteak indartsu datoz.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!